Ibon Caballero, Aiaraldeko ELAren enpresa txiki eta ertainen arduraduna
BINKE / 2026ko apirila
Jakina da Arabako Aiaraldea eskualdea ekonomikoki garai larrian dagoela. Horretan aritua da Ibon Caballero, Aiaraldeko ELAren enpresa txiki eta ertainen arduraduna. Galdakoztarraren begietatik ezagutu nahi izan dugu Aiaraldearen errealitate gordina.
Krisi ekonomiko larria jasaten ari da Arabako Aiaraldea eskualdeko industria. Maderas Llodio eta Tubos Reunidos enpresetan egindako enplegu-espedienteek eta ehunka kaleeratzeek egoera larriagotu dute, eta ezinegona eragin dute eskualdeko herritarren artean. Gaiaren inguruan aritua da Ibon Caballero galdakoztarra, Aiaraldeko ELAren enpresa txiki eta ertainen arduraduna.
Eskualdeko egiturazko krisi bat jasaten ari da Aiaraldea? Krisia mundu osoan nabaritzen da, baina egia da Aiaraldeak asko sufritu duela azken urteotan… Ez dakit egiturazko krisia deitzea zehatza den, baina egia da asko nabaritzen dela.
Zer ari da huts egiten hainbeste enpresa desagertzeko edo langile kopurua murrizteko? Huts egiten duena da ez dela inguruko enpresen aldeko apusturik egiten, eta krisietan edo 2021ean COVIDarekin gertatu zen moduan langileak murrizteko aitzakia aurkitzen dute. Legeak kasu askotan babesten diete gainera.
Desindustrializazio itzulezina gertatzen ari da? Desindustrializazio argia ikusten dugu, baina egun hauetan ere albiste onak aurkitzen ditugu, hala nola, Guardian eta Glavistarena, 2024an itxi zutenak, eta orain badirudi berriro irekiko dutela lanpostu askoren sorrerarekin.
Nor da egoera honen erantzule nagusia, enpresak, erakundeak, edo biak? ELAk argi dauka, bi erakundeak dira erantzuleak. Batzuk krisi-egoerez aprobetxatzeagatik une bakoitzean nahi duena egiteko, eta besteak bitartekoak ez jartzeagatik eta konplize izateagatik. Aiaraldea industrializatzeko mahai bat sortu da, baina ez du ezertarako balio, edukirik gabe eta argudio argirik gabe baitatoz mahai gainera. Gure ustez, mahai bat gehiago da, benetan egiteko baino, zerbait egiten saiatzen direla eman dezan.
Enplegu espedienteak benetan saihestezinak dira, edo erabaki estrategikoei erantzuten diete? Dena saihestu daiteke eta zenbait enpresatan deslokalizazioa argia da. Beren etekinak bilatzen dituzte langileen kontura, eta ez dute inoiz pertsonengan pentsatzen.
Zein ondorio sozial izaten ari da enplegu suntsiketa horrek Aiaraldean? Ondorioak argiak dira: Aiaraldeko bizimodua okerrera doa. Dendak ixten joan dira eta ekonomia ez da mugitzen inguruan, jende askok lanpostuak galdu dituelako eta egoera prekarioan bizi direlako.
Sindikatuetatik, zeintzuk dira emango dituzuen hurrengo pausoak egoera hobetu ahal izateko? Jendearen ondoan egotea, ahal den guztian aholkuak ematea, entzutea, haiei kasu egitea eta nola ez, borrokatzea, asko borrokatzea eta inoiz inor alde batera ez uztea. Beti esaten dugu eta ezin dugu ahaztu… Borroka da bide bakarra.
Langile askok 45 urte baino gehiago dituzte. Zein etorkizun izan dezakete? Ba, egia esan, oso egoera gogorrak daude… Ez da adin egokia lan bila ibiltzeko, enpresek ez baitute horrelako profilik bilatzen. Adin horretan, egonkortasuna eta orain ez duten lasaitasuna behar dituzte.
Nola kudeatzen da langileen frustrazioa kaleratzeak saihestea lortzen ez denean? Pazientzia handiz. Gogorra da jendeari entzutea, baina horretarako gaude gu ere. Lehen esan dudan bezala, haien ondoan egotea eta une oro haiei laguntzea gure lanetako bat da.
Itxieren prozesuek aurrera jarraitzen badute, nolakoa izango da Aiaraldea hamar urte barru? Espero dut hamar urte barru eskualde industrial indartsu bati buruz hitz egin behar izatea. Borrokatzen dugun guztia etorkizunaren alde egiten dugu, bai gure seme-alaben alde, bai atzetik datorren jende gaztearen alde. Oraintxe bertan ez dut pentsatzen itxiera-zergatietan, asko sufritu duen eskualde bat berriz flotaraztean baizik.•




