
«Elaia gurean», Manu Etxebarria
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2025eko ekaina
Enara edo elaia laguna da gurean. Afrika aldetik etorten da uda aurrean eta gurean bizi udagoienerarte. Txori berezia da. Habia etxe inguruetan egiten dau, teilatuko hegalpean, etxearen atarian eta inoiz barruragoan be, pasoa euki ezkero. Habia finkoa da, beti etorten da habia bardinera, lehenengo arra eta gero emea sendi barria sortzeko. Etxe inguruan kokatzen dan elaia pertsonen lagun lez hartzen da eta errespetatu be halan egiten dogu. Eta nondik hori? Ba, baleiteke herri-esaunda honek zerikusia eukitea. Aitu. «Behinola, arranoak elaia eta erlea bialdu ei ebazan zeinen odola dan gozoena jakiten. Erlea hasi zan bere ezpia sartzen animalia guztiei, pertsonari be bai. Eta ene! Gozoena pertsonarena. Orduan elaiak, pikakada batez mihia apurtu eutsan erleari zein arranoari egia kontatu. Itzuli eta arranoak erleari erantzuna eskatu eutsanean, erlea, ahoa askatu ezinik, «biz-biz-biz»-ka hasi jakon. Arranoak hots hori entzutean esan ei eutsan bere buruari: argi jagok, hots hori sugeak egiten jok, orduan, odolik gozoena sugearena dok». Horregaitik ba arranoak, besteak beste, sugeak jaten ditu. Eskerrak! Harrezkero lagun zakioz dabilz pertsona eta elaia.