Auzokideen kexei erantzunez, Bekeara sartzeko zubi berria eraikiko du Galdakaok. Udalak proiektuaren dokumentu teknikoak idazteko lizitazioa atera du, 380.000 eurorengatik.
Kamioi batek auzokide bat harrapatu eta zauritu zuen Bekeako zubian 2024an eta horren harira, «bide arriskutsua» dela salatu zuten auzokideek, urte askotako aldarrikapena azpimarratuz.
«Urte asko daramagu Udalari konponbide bat eskatzen eta beti esaten digute proiektu bat egiten ari direla, baina ez dute ezer egiten. Ez dago bizilagunik inguru horretatik igarotzean beldurrik izan ez duenik», adierazi zuten orduan auzokideek.
Horri erantzun nahian, Uraren Euskal Agentziarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batzarrak izan zituen Galdakaoko Udalak, eta Bekeara sarbide berria eraikitzeko lehen pausoak emango ditu orain: proiektuaren dokumentu teknikoak idazteko lizitazioa atera du, 380.000 eurorengatik.
Sarbide berrian biribilgune bat sortuko da, lau irteerekin eta semafororik gabe. Bestalde, zubi bat eraikiko da, ibilgailuak eta oinezkoak segurtasunez igarotzeko behar besteko zabaltasunarekin.




