Herriko etxebizitzetan irisgarritasuna hobetzeko, energia eraginkortasuna areagotzeko eta iturri berriztagarriak jartzeko dirulaguntzak eskainiko ditu berriz Galdakaok. Eskaerak egiteko epea zabalik dago, azaroaren 27ra bitarte.
Galdakaoko Udalak berriz jarriko ditu martxan herriko etxebizitzak hobetzeko dirulaguntzak. Zehazki, etxeetako irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna areagotzera, eta energia berriztagarriak instalatzera bideraturako programari emango dio aurten jarraipena.
Eskaerak egiteko epea zabalik dago azaroaren 27ra bitarte, eta izapidea egoitza elektronikoaren bidez egin daiteke.
Udalaka azaldu duenez, ekimenaren filosofia argia da: «Etxebizitzetan egindako inbertsioek ez dute soilik bizi kalitatea hobetzen, baizik eta herri osoaren ongizatean eta jasangarritasunean eragiten dute. Horrenbestez, laguntza hauek etorkizuneko Galdakao erosoago, osasuntsuago eta ingurumenarekiko arduratsuago baten aldeko apustuaren parte dira».
Diruz lagundu daitezkeen esku hartzeak 2025eko azaroaren 30etik 2026ko azaroaren 27ra arteko aldian etxebizitzetan edo eraikinetan egindakoak dira. Egindako obra behar bezala justifikatzeko dokumentazioa eskabidearekin batera aurkeztu beharko da, beraz, garrantzitsua da fakturak gordeta izatea.
Guztira, Udalak 120.000 euro bideratuko ditu sarrera ordenaren arabera, eta gehienez ere 5.000 euro etxebizitza bakoitzeko —familiaren diru sarrerak kontuan hartuta— eta 8.000 euro eraikin bakoitzeko —aurrekontu babesgarriaren % 40ra arte—.
Eskabideak ESAN bulegoan aurkeztuko ahal izango dira, astelehenetik barikura, 08:00etatik 14:00etara,eta baita Udalaren egoitza elektronikoaren bidez ere. Laguntza hauek emateko oinarri arautzaile orokorrak webgunean daude eskuragarri.




