Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeak 20 emanaldi eskainiko ditu urritik abendura bitarte. Adin guztiei zuzendutakoak izango dira, eta hemen batu dugu egitarau osoa, baita deskargatzeko aukera ere.
Jaiak amaituta, ikasturte berriari ekingo dio Torrezabal Kultur Etxe galdakoztarrak. Guztira 20 emanaldi eskainiko ditu abendura bitarte, eta gaur aurkeztu dituzte egitarauaren nondik norakoak Edurne Espilla Kultura zinegotziak eta Katrin Schlegel Torrezabaleko programatzaileak.
Espillak azaldu duenez, «izana eta izena» ditu oinarri programazioak: «Izana izaera handiko lanak direlako, eduki sakonak lantzen dituztenak, eta izena izen handiak etorriko direlako, besteak beste, Patxo Telleria, Kepa Errasti, Iholdi Beristain, Jose Sacristan eta Clara Peya.
Schlegelek adin guztietara zuzendutako egitaraua dela nabarmendu du, diziplina anitzak batuko dituenak: «Dantza, musika, antzerkia, umorea… Denetarik egongo da, eta berrikuntza moduan bi opera eta ballet baten proiekzioak hartuko ditu Torrezabalek».
Sarrerak eguenetik aurrera eskuratu ahal izango dituzte bazkideek lehiatilan, eta zapatutik aurrera salgai jarriko dira publiko guztiarentzat.
Hemen batu dugu egitaraua osoa, eta baita deskargatzeko aukera ere.

- Urriak 3 eta 4, zapatua eta domeka: Hodei Magoaren 3 Elementuak emanaldia.
- Urriak 6, martitzena: Turandot operaren proiekzioa.
- Urriak 16, barikua: Yllanaren Gool obra.
- Urriak 24, zapatua: La Menuda Produccions taldearen Lumiero emanaldia.
- Urriak 30, barikua: Magma Mia Konpainiaren Jo! antzezlana.
- Azaroak 3, martitzena: Lucia di Lammermoor operaren proiekzioa.
- Azaroak 7, zapatua: RubiK al Kuadradoren Oniro emanaldia.
- Azaroak 8, domeka: Elvi Balboaren Anöa dantza ikuskizuna.
- Azaroak 15, domeka: Jose Sacristanen El hijo de la cómica obra.
- Azaroak 20, barikua: Tartean Teatroaren Ai, gure juaneteak! obra.
- Azaroak 21, zapatua: Da Capo Musika Bandaren Ahots propioa duten instrumentuak kontzertua.
- Azaroak 28, zapatua: Clara Peyaren Nuca kontzertua.
- Azaroak 29, domeka: Gato Negro Teatroren La dignidad. Una historia verdadera obra.
- Abenduak 12, zapatua: Baychimo Teatroren Sum obra.
- Abenduak 13, domeka: Erre Produkzioak taldearen La Virgen del Rocío se aparece porque se lo ha dicho su psicóloga obra.
- Abenduak 17, eguena: Xake Produkzioak konpainiaren Sidari emanaldia.
- Abenduak 20, domeka: Da Capo Musika Bandaren Bitartean Folk & Band kontzertua.
- Abenduak 26, zapatua: Las Migasen Flamenca kontzertua.
- Abenduak 29, martitzena: The Nutcracker Royal Ballet & Opera proiekzioa.
- Abenduak 30, eguaztena: Maluta zirku gala, Ganso&Ciarekin.
Katrin Schlegel, Torrezabaleko programazio berriaz:




