«Elkartasunak ez du etenik», Galdakao Palestinarekin Herri Plataforma

Argazkia: BINKE.

Domekan, azaroak 29, mundu mailan Palestinarekiko Nazioarteko Elkartasun Eguna ospatzen da. 1947ko egun hartan bertan onartu zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak Palestina zatitzeko plana, eta handik urtebetera Nakba gertatu zen: 750.000 palestinar baino gehiago beren etxeetatik kanporatuak, ehunka herri suntsituak. Ordutik, memoria eta erresistentzia dira egun honen bi zutabeak. 

Baina aurten, azaroak 29 ez da data hutsa. Egun horretan bertan, Espainiako Estatuan hauteskunde orokorrak izango dira. Eta ezin ditugu begiak itxi: ultraeskuinaren gorakada ez da inkesta soila, ezta diskurtso hutsa ere. Egitura politikoa eta instituzionala aldatzen ari da, eta horrek ondorio zuzenak ditu gure herrian, gure eskubideetan eta, noski, Palestinarekiko elkartasunean. 

Ez gaitezen inozoak izan. Faxismoaren gorakada ez da ustekabeko gertakaria; aspalditik gertutik ikusten gabiltzan bilakaera bat da, eta ez dugu inolako asmorik begiak itxi eta ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzeko. Gurean ere, erresistentzia eta borroka ezinbesteko tresnak dira. 

Israelgo ultraeskuinaren eta faxismoaren oinarrian dagoen sistema sionistaren aparatu genozida ez da erabaki isolatuen edo ekintza puntualen bidez elikatzen. Elkarri ezin hobeto lotutako engranajez osatutako makineria konplexua da armagintza industria, estatuen aliantzak, hedabideen isiltasuna, nazioarteko zuzenbidearen erabilera selektiboa edota iparralde globalaren konplizitatea. Eta engranaje horren barruan, badaude giltzarriak diren beharrezko pieza batzuk: gobernu sionistak oneztuta ejerzitoko goi-karguek emandako aginduak, aitortzen ez diren basakeriak, eta aitortuta ere erantzukizunik gabe jarraitzen dutenak eta Israelgo gizarte zibil gehiengo baten genozidioaren onarpena. 

Honekin lotuta, Azaroak 29 eta 30ean, goikoa isladatzen duen Naza¹ dokumentala proiektatuko da Torrezabal Kultur Etxean. Ez da kasualitatea. Irudiek, testigantzek eta memoriak gure ardura piztu behar dute, eta gure erantzukizuna elikatu. Dokumentala ikustea ez da nahikoa; baina ikusi gabe, are gutxiago. 

Ez gaitzala harritu. Ez dezagun esan «ez genekiela». Ez da kasualitatea, hamarkadetan diseinatutako patroi bat da. Urteak daramatzagu jakiten eta esaten, palestinarrek aspalditik salatu izan dutena: Gazan bonbardaketak, belaunaldi askoren erailketak, Zisjordanian asentamenduzko kolonizazioa, presoak, haurren espetxeratzea, lurren lapurketa sistematikoa, etxeen eta olibondoen suntsitzea. Eta hala ere, munduak jarraitzen dizkie armak saltzen, akordioak sinatzen eta begiak itxita genozidioa elikatzen. 

Zenbat Naza¹ gehiago behar ditugu sarraski hau geratu dadin? Israeldar zuzendari baten ahotik entzun behar al dugu palestinarrek behin eta berriz salatu dutena, behingoz kontzientzia astindu eta begiak irekitzeko? 

Gaur, inoiz baino argiago, Palestinarekiko elkartasunaren nazioarte egunaren atarian, Galdakao Palestinarekin Herri plataformatik argi eta ozen esaten dugu: Palestinako herriaren eta haren erresistentziaren alde gaudela. Erresistentzia zibila, politikoa, kulturala eta armatuaren alde. Erresistentzia, palestinar herriak okupazioari eta genozidioari aurre egiteko duen nazioarteko eskubidearen alde. 

Azaroak 29 ez da isiltasun eguna. Elkartasunaren, aldarrikapenaren eta konpromisoaren eguna da. 

Gure herritarrei mezua argia da: elkartasunak ez du etenik. Horregatik, joan zaitez Torrezabal Kultur Etxera, ikusi dokumentala, elkarretaratzeetan parte hartu, hauteskunde egunean palestinar bandera kolkoan lotu, Palestinaz hitz egin eta bere askatasun aldarria lau haizetara ohiukatu. Ez utzi isiltasunari irabazten. Ez gaitezen konplize bilakatu. 

Palestinarekin gaude. Orain eta beti. 

¹ Nazaren esanahia ezagutzeko, zatoz dokumentala ikustera 

situs togel

situs toto