Galdakaoko Udaleko Migrazio Zerbitzuak aurrez aurreko arretarako bi gune berri ditu: Bengoetxe eta Aperribai auzoetan. Hilabete bakoitzeko azken eguaztenetan eskainiko da zerbitzua gune horietan.
Orain arte, Galdakaoko Udalak migratutako pertsonei arreta zerbitzua udaletxean eskaitzen zuen soilik. Aste honetatik aurrera ordea, bi gune berri ditu zerbitzuak: Bengoetxe eta Aperribai auzoetan.
Zerbitzua auzoetara hurbiltzeko beharra Auzotik Galdakao proiektuaren barruan identifikatu zen. Zehazki, herriko 4. eremuko (Upomendi, Bengoetxe, Zuhatzu, Troka eta Ergoien auzoek osatua) Lurralde Kontseiluak planteatu zuen pertsona migratuei arreta emateko udal zerbitzua inguru horretara hurbiltzea komeni zela. Hala, organoak Udalari eskaera egin zion, eta horrek, bideragarritasuna aztertu ondoren, arreta gune berriak jarri ditu martxan Bengoetxen eta Aperribain.
Bi auzo horietan Udaleko Migrazio zerbitzuko teknikariak eskainiko du arreta zuzenean, hileko azken eguaztenetan. Alde batetik, Bengoetxe auzoan ludotekan emango da zerbitzua, 10:00etatik 11:30era. Aperribain aldiz, Eperlandan, Redes elkarteak Armairu Solidarioa egiten den eremuan, izango da arreta, 16:30etik 18:00etara.
Arreta jasotzeko aurretik hitzordua eskatu beharko da, 688624752 telefono zenbakira deituta edo WhatsApp mezua idatzita. Ordutegi horietatik kanpo ere eskatu ahal izango da arreta auzo horietan, betiere aurretik telefonoz abisatu eta zerbitzuarekin ordua adostuta.
Migrazio zerbitzuak Galdakaon bizi diren atzerriko jatorria duten pertsonei eta haien ingurukoei informazioa eta orientazioa eskaintzen dizkie. Besteak beste, Galdakaon bizi proiektua garatzeko lagungarri izan daitezkeen baliabideak eta zerbitzuak ezagutzen eta horietara jotzen laguntzen die, Udalaren Harrera Protokoloaren barruan.




