Oibar Artetxe: «Zure bizitza ordenatzeko balio dau boxeoak»
Oibar Artetxe, boxeolaria
BINKE / 2018ko abendua
«Zure bizitza ordenatzeko balio dau boxeoak»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Kuxkuxean eta hara-honaka ibili behar izaten da batzutan norbere lekua aurkitu arte. Kirolean ere antzeko zerbait gertatu omen zitzaion Oibar Artetxe boxeolariari, bizitzaren gora-beherei aurre egin eta norberaren ongizatea jaso ahal izateko kirol esparru honetatik. Ordea, ez ei da «emakumeen kirola», eta bere kide profesionalei zor zaien aintzatespena eskatu gura du bere debutetik hilabete gutxira. San Inazioko kiroldegira gerturatu da Binke, bere entramendu bat gertutik jarraitzeko.
Boxeoa «makarren» kontua ez al da ba? (barreka) Bai, izan leiteke! Eta itxurea emoten dau bai! Baina ez da holan, bertan ibilten dan jendea oso sensible eta xumea da. Emoten dau dana indarkeria dala boxeoan, baina hori baino sakonagoa da kirol hau. Errespetu handia dago kideon artean eta baita teknika asko be.
Baina agresiboa ere ez da? Ez, agresiboa ez da, inondik inora. Errespetu handia dago kideon artean, esan dodan lez, eta kontaktuko kirola izateak ez dau esan gura agresiboa danik. Batzutan holan dala emoten badau be, ez deutsagu alkarri kalterik eragiten.
Orduak ematen dituzue ba elkarri jotzen! Dedikazio handia eskatzen dauan kirola da, hori duda barik. Entrenamendu asko izaten doguz borroka bakar batean dana emon ahal izateko, baina ez doguz hainbeste borroka egiten.
Tira, ziur gaudena da, estresa kentzeko ariketa ona izango dela, ezta? Jakina, boxeoak zure burua ezagutu eta kanalizatzeko balio dau. Ez da estresa kentzeko erreminta bat bakarrik. Zure bizitza ordenatzeko balio dau boxeoak. Kirol honetan kontzentrazioa, adimena, sosegua, pazientzia, emozioak bideratzea… beharrezko osagaiak dira. Eta osagai guzti horreik zure eguneroko bizitzara eroaten badozuz, oso bizitza orekatua izango dozu, eta zure arazo zein oztopoak errezago gaindituko dozuz.
Zuk zehazki zertarako praktikatzen duzu boxeoa? Zoriontsu egiten naualako, eta txikitatik gustatu izan jatalako. Arte martzialek beti piztu izan dabe nire arreta, beti egin jataz oso ikusgarriak, eta berandu hasi banaz be, behin boxeoa probatuta, ez dot gelditu gura izan.
Eta zelan hasi zinen ba? Hamazpi urtegaz kick boxing egiten hasi nintzan, eta esango neuke horixe izan zala nire mundu honetako lehen kontaktua. Modalidade honegaz ikusi neban mundu hau asko gustatuko jatala!
Ez diguzu esango kick boxing eta boxeoa berdinak direnik… Ez noski! Kanpotik antzekoak ikusten badira be, oso desbardinak dira. Bistako desbardintasunak jotzeko modua da: kick boxing-agaz kolpeak hankekaz be emoten dira, eta boxeoan besoak baino ez doguz erabiltzen kolpatzeko. Baina bata zein bestearen teknikak be oso desbardinak dira.
Aurretik, ordea, kirol gehiagotan lehiatzen ere ikusi izan zaitugu. Bai, halterofilia egiten ibili nintzan Galdakaoko taldean bertan, eta hainbat lekutan ibili izan naz lehiatzen. Futbolean be ibili nintzan Lagun Onak klubean, saskibaloian ikastolako taldean… Asko gustatu izan jat beti kirola!
Zer ikusi zenuen boxeoan beste kirolek ez dutena? Kolpeak! (barreka) Baina gustura hartzen dodaz danak! (barreari ezin eutsiz) Ez, brometan nabil! Ez dakit zer dan boxeoak emoten deustana, agian besteek emon ez deustiena… baina ez dakit identifikatzen. Identifikatzen badakidana emoten deustan ongizatea da. Pilak kargatzen deustaz!
Baina pilak boxeoaren bitartez Bilbon kargatzen dituzu, galdakoztarra izanda… Kuriosoa ala? (irribarretsu) Ba bai, holan da. (serio) Galdakaoko boxeo taldean hasi gura izan neban orain urte bi, baina ez ninduenez «lehiaketara atarako», Bilboko NeskaBox taldean sartzea gomendatu eusten, bertan bai egiten dabelako emakume boxeolarien aldeko apustua.
Zelan hartu zintuzten talde honetan? Ezin hobeto! Gaur egun taldeko beste bat sentitzen naz. Lehenengo momentutik «kaña» asko sartu deuste eta niganako ardura erakutsi dabe NeskaBox taldean. Gainera, entrenamenduetan oso giro atsegina arnasten da eta hori asko eskertzen da. Gogotsu joaten naz San Inazioko kiroldegira, Josu Lopategiren entrenamendu zorrotz eta ulerkorrak jarraitzera!
Gainera ez zara emakume bakarra! Ez horixe. Talde honetan ia gizonetan beste emakume gagoz. Gainera mailarik gorenean dagozan bi boxeolariak emakumeak dira, profesionaletan dabizenak. Taldearen izenak berak aditzera emon leikean moduan —NeskaBox— emakumeen boxeozko taldea da, nahiz eta gizonezkoak be egon. Gaur egun, estatu espainiar osoan dagoan emakumeen boxeo talde bakarra da, 2017ko urtarrilean sortu zana, gizonezko mundu batean emakumeei lekua egiteko.
Nork jarri zuen martxan talde hori? Josu Lopategik, gure entrenatzaileak. Espainiako txapeldun izan da boxeo olinpikoan, eta zoragarria da talde hau abian jartzeko egin dauan esfortzua. Berari eskertu behar deutsagu gaur emakume boxeolariak lehian ikusi ahal izatea.
Zein da emakumearen tokia esparru honetan? Buf! Gura baino askoz txikerragoa oraindino. Apurka-apurka boxeo mundua be emakumeontzako zabaltzen doala pentsatu gura dot… baina aldarrikatzen jarraitu behar dogu ez jakula bidezkoa iruditzen, beste hainbat kiroletan gertatzen dan moduan, boxeotik gizonezkoak baino ezin dirala bizi pentsatzea.
Gizonezko profesionalak aipatu dituzula, azken aldian Kerman Lejarraga dago denen ahotan. Gertutik jarraitzen duzu? Bai, zelan ez. Egia da boxeoko eredu bat dala. Txikitatik ikusi izan dot Kerman Galdakotik, bere kimonoagaz jantzita, eta nork esango eustan niri mutiko hori gaur egun txapeldun izango zanik… Eta pozten naz euskaldun bat maila horretan dabilela ikusteaz, hori ezin dot ukatu. Beti jarraitu izan dot gainera.
Eta nork jarraitzen ditu emakume boxeolariak? Uste baino jende gehiagok. Arazoa ez da zenbatek jarraitzen daben emakumezkoen boxeoa, komunikabideetan eta publizitate mailan emoten jakon oihartzuna baizik. Medioetan ez bada gure boxeoaz berba egiten, emoten dau ez garala existitzen. Baina hemen gagoz.
Zu zeu, gainera, emakume profesional birekin ibiltzen zara entrenatzen! Bai, Josu Lopategiz aparte, Violeta Gonzalez eta Ixa Rodriguez dira niri irakasten ibiltzen diranak. Niretzako eredu dira. Violeta Gonzalez profesional mailan debutatu dauan lehenengo emakume euskalduna da, Andoni Gago, Jon Fernandez edo Kerman Lejarragagaz batera ibiltzen dana. Eta Ixa Rodriguez be atzetik joan dan beste emakume euskalduna da.
Euren izenak ez dira ba askorik aipatzen… Horrela da, zoritxarrez. Euren izenak inork ez dauz ezagutzen, edo aipatzekotan «emakume boxeolari euskaldun bi» legez aipatzen dira komunikabideetan. Eta ez jat bidezkoa iruditzen, gizonen izan abizenak aipatuko badoguz, emakume profesional bienak be bai: Violeta Gonzalez eta Ixa Rodriguez.
Zuk noiz egingo duzu debuta? Oraindik ez dakit ziur. Beste kontu batzuengatik atzeratu egin jat debutatzeko ordua, baina badirudi otsailerako izan leitekela. Izango dozue horren barri! (irribarretsu)
Boxeoan kirola egiteagatik bakarrik ari zara, ala defentsa pertsonalagatik ere? Berez, kirolagatik bakarrik. Gainera, federatuta bazagoz eta arauzko boxeotik kanpo borroka bat badozu lizentzia kentzen deutsue.
Ez bada zure defentsaren alde jo duzula bestea, ezta? Bai, egia esanda defentsa momentu batean segurtasuna emoten deusta jotzen jakiteak, nahiz eta ez dakidan zelan erantzungo leukean nire gorputzak benetako kaleko eraso baten aurrean…
Indar eta adore handiko pertsona zarela ikusten da, baina neska gogor eta ireki honen atzean ziur beste Oibar bat ere badagoela… Bai, noren atzean ez, ezta? Ikasketetan beti izan naz «pakete» itzela! (barreka) Eta horregatik zein itxuragatik beti epaitu izan nabe. Askok pentsatuko dabe pertsona gogorra, indartsua edo hotza nazala, baina itxura horixe da, itxura baino ez. Pertsona sentikor, lasai eta errukiorra naz.
Zelako nerabezaroa igaro zenuen? Egia esan ez neban nerabezaro erreza igaro, hainbat kontugatik, baina esfortzu handiagaz eta lagunen maitasunagaz indarrak atara nebazan aurrera egiteko.
Eta boxeoak bizitako «motxila astuna» askatzen laguntzen duela uste duzu? «Motxila» guztia ez, baina egia da zama hori eroatea errezten dauala boxeoak. Batzuetan, egun txarra dodanean, entrenamenduak laguntzen deust dana askatzen eta lasaitasuna berreskuratzen. Hori barik, barruan daukadana ataratzeko beharra izaten dot. •