Egonkortu nahi dugun hauspoa
Binke proiektua
BINKE / 2020ko urtarrila
Egonkortu nahi dugun hauspoa
TESTUA: Binkeren Batzorde Orokorra
ARGAZKIA: Jabi Rojo
Bosgarren urtean sartu berri da Binke aldizkaria, 2015ean hainbat herritar euskaltzale batu eta urte luzetan egon den hutsune bat 2016ko urtarriletik aurrera egia bilakatu zuten hartatik. Urteurren horren aurrean, orain arteko errepasoa egin eta hemendik aurrerako aldaketen berri eman gura izan du Binkeren batzorde orokorrak orrialde hauen bitartez.
Zerbait kritikatzen dugunean, «zerbait» horren atzean norbait egon ohi da. Politika kritikatzen dugunean, politikariak daude horren atzetik. Futbola kritikatzen dugunean, futbolariak eta kirol hau negozio bilakatzen dituztenak daude atzetik. Jarrera edo ekintza bat kritikatzen dugunean, pertsona edo kolektibo zehatz bat dago atzetik.
Gure herrietan ordea, euskaldunen arteko kritika bat bizi izan da eroso urte luzez: gero eta euskaldunagoak omen diren herrietan —EUSTAT-en estatistikei kasu eginez gero— euskarazko komunikabide propiorik ez dago. «Zelan da posible?», «Lotsagarria da danak erderazkoak izatea eta euskaldunik ez egotea», «Ez al dau inork ezer egin behar?»… eta antzeko esaldiak entzun izan dira maiz jendartean. Eta arrazoi faltarik ez du izan horietako bakoitzak, Binke osatzen duen batzordearen ustez sikiera.
Gizakiak, oro har, oso barneratua du bere erosotasunetik dena kritikatzeko ohitura, kritikatzen ari den hori aparteko ekarpenik egin gabe hobetzeko asmorik ez badu ere. Hala zioen behintzat Ortega y Gasset filosofoak, eta honek gaineratu egiten zuen «masako gizonek (sic.) eskubide guztiak exijitzen dituztela beraien beharrak zeintzuk diren onartu gabe».
Joera hori aldatzeko asmoz, galdakoztar eta usansolotarrez osatutako herrikide talde batek euskara hutsezko lehenengo komunikabidea sortzeko pausua ematea erabaki zuen. Zer eta zelan egin behar zen jakin barik. Komunikabide bat nola sortu behar zen jakin barik. Aurretik inork ez zuen horrelakorik egin, ezta hurbiletik ezagutu ere. Baina herritar euskaltzale horiek bazuten amets txikitxo bat: gure etxe, komertzio eta kaleek aldizkari herrikoi eta euskaldun bat izatea.
Eta horrela sortu zen Binke.
Bost urteko ibilbidea. Aldizkari herrikoia eta albistez bakarrik josita egongo ez zena sortzeko ideia hasieratik izan dute argi Binkeren sortzaileek, horregatik irabazi asmorik gabeko elkartea sortu —Aitu elkartea— eta urteetako kritika errealitate bihurtzeko lanean hasi ziren 2015. urtean —lehenengo zenbakia 2016ko urtarrilean kaleratu zen—.
Geroztik, gorabehera askoko urteak bizi izan ditu komunikabide honek —edozein elkartek bezala, imajinatu daiteke—, baina inoiz ez dio hilero-hilero 14.000 ale argitaratu eta Galdakao zein Usansoloko pertsona eta gaiei ahotsa emateari utzi. Gaur Binkek harro esan dezake, bere bosgarren urtearen hasieran, hamaika izan direla landutako elkarrizketa, erreportaje eta bestelako atalak. Eta hamaikak, euskaraz, «asko» ere esan nahi du.
Orain arteko ibilbidean 32 atal desberdin argitaratu ditu erregulartasunez hilabetekariak, eta horietatik kanpo egin dira 300 elkarrizketa —luze zein labur— eta 180 erreportaje inguru. Gainera, orain arte hilero gutxienez bina herritar izan dira iritzi artikuluak idatzi dituztenak. Iritzi guztiak batuz gero, 102 pertsona desberdinen iritzi artikuluak egin dira publiko Binken. Eta garrantzitsua da azken hori, elkarrizketa edo erreportajeen bitartez bermatzen bada ere, norberak bere eskutik idazteko aukera eskaintzeko herritarrei, —euskaraz— idaztera ohituta egon ala ez, herritarrak bere ahotsarentzako lekua beti izango duela erakutsiz. Hala beharko luke komunikabide batek: herritar anitzen ahots. Hortxe ba, zuretzat irakurle, gonbidapen zuzena.
Hemendik aurrerako aldaketak. Edozein proiektuk, aurrera egin baino lehen, sendotu egin behar ditu bere zutabeak. Ondo daki hori, esaterako, enpresa bat sortu duen lagunak. Baina are hobeto jakingo du ziur herrigintzatik eta militantziaz lanean diharduenak. Horixe da Binke argitaratzen duen Aitu elkarteko batzordearen helburua: proiektua sendotzeko puntuan dagoen honetan, aurrera begira jarri eta aldaketak egitea edukietan, besteak beste.
Gure herrietako ahotsak bertako pertsona, gai, elkarte edo erakundeen bitartez batzen jarraitzeko asmoa du Binkek. Baina, eta aldizkari hau argitaratzen duen batzordea protagonista inoiz ez izateko asmoa badago ere, oraingoan —zure baimenarekin, irakurle— Binkeren batzorde orokorrak hartu ditu lau orrialdeok. Aitzakia on batekin, zenbaki honetatik aurrera aldizkarian egingo diren aldaketen berri eman ahal izateko.
Horrela ba, bi hilero elkarrekin tartekatuta argitaratzen ziren atal hauek kendu egin dira: Berotan —hezkuntza sexualaren ingurukoa—, Osasuntsu —osasunaren ingurukoa—, Zelan egin? —eskulanen ingurukoa— eta Bitxikeriek —bitxikerien ingurukoa—. Ez dira kentzea erabaki den atal bakarrak, Zer dakar Teresak?, kanpoko albiste laburren LaburreHan, aplikazio mugikorren APPlika zaitez atalak ere kendu egin direlako.
Kentzeak ez du ezer balio, ostetik berririk proposatzen ez bada, eta horregatik atal berriak proposatuko zaizkio irakurleari Binkeren orrialdeetan barna: albiste faltsuak, kuadrila «instagramerren» arteko elkarrizketak, pasarte historikoak, herriko merkatariak ezagutzeko atala, gurera etorritako migranteei egindako elkarrizketak edo Binkek sortu duen ohiko kolaboratzaileen atal berezia gehituko zaizkie orain arteko edukiei. Batzuk hileroko atalak izango dira, beste batzuk bi hilerokoak eta beste batzuek hiru hileroko maiztasuna izango dute —aurtengo atalen errepasoa ondoko zutabean zehaztuta dago—.
Binkekideei 2019ko azken hiruhilekoan bidalitako balorazio-inkesta batean oinarrituz egin dira aipatutako aldaketok. Formulario tankerako inkesta horretan, ordura arteko atalak baloratu eta pertsona, gai zein atal berrien proposamenak egin zituzten Binkekideek.
Zuek gabe, ezin. Hasiera-hasieratik argi izan du Binkeren sortzaile-taldeak aldizkari honek ezin zuela esku pribatuetan egon. Galdakaon eta Usansolon abian jarri behar zen euskara hutsezko lehenengo komunikabidea —besarkada bana Giltzarri eta Lapiko aldizkariak sortzen saiatu ziren herritarrei— proiektu potoloegia zen gutxi batzuen eskutan egoteko. Horregatik sortu zen irabazi asmorik gabeko elkarte baten bitartez. Baina elkarte horrek, aldizkari bat hilero 14.000 aleren bitartez argitaratu ahal izateko, baliabide handiak beharko zituen. Eta behar ditu.
Baliabide horrek askotarikoak dira, eta edozein kulturaren zutabe trinkoena den baliabide bat badu Binkek: giza baliabidea. Aldizkari honek nekez egingo luke aurrera borondatez eta militantzia hutsez bere alde lan egiten duten pertsona guztiak gabe. Izen guzti horiek lerro hauen bidez batzea luzeegi geldituko delakoan, 27. orrialdean batuta daude egunero, astero, hilero edo urtean hainbat ordu sartuta Binkerentzat lan musutruk egiten dituzten pertsona edo elkarteak. Gehiago etorriko dira. Betoz!
Aitzitik, baliabideez berba egin behar bada, baliabide ekonomikoek lehentasunezko jarduna behar dute izan. Eta, edukiak aukeratu zein eztabaidatzeaz gain, horiek lortzen eta kudeatzen ematen ditu asteak erreportaje honen argazkietan agertzen den Binkeren batzorde orokorrak.
Arlo horretan, hiru diru-iturrik osatzen dute proiektua: babesleak, iragarleak eta Binkekideak. Babesleak, gaur gaurkoz, Galdakaoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta VUSA enpresa dira —2019ra arte baita Eusko Jaurlaritza ere—. Iragarleak, aldizkariko orrialdeetan zehar euren enpresa iragartzen dutenak, ohiko publizitatea. Eta Binkekideak zuek zarete. Edo izan zaitezkete.
Eta komunikabide honek iturri guztietatik edatea beharrezkoa badu ere, azken honek ematen dion arnasa du aurrera egiteko arrazoirik handiena. Bere herrian komunikabide euskaldun eta herrikoi bat egote hutsagatik ordaintzen ditu Binkekideak 36€ urtean. Binkekideak bere auzokidearen antzera jasoko du aldizkaria hilero. Agian bere auzokidea ez da Binkekidea izango, baina Binkekide denak uste osoz babesten du proiektu hau, euskarazko aldizkari herrikoi eta herritar bat izateagatik bakarrik. Baina hainbeste da «bakarrik» hori… Bihotzez, zuri Binkekide, eskerrik asko.
Eta eskerrik asko, hau edonork irakur badezake, zuri esker ere badelako —ez; erakundeen dirulaguntzek ez dituzte proiektuaren beharrak asetzen, eta ezin dituzte asetu, legez—. Eskerrik asko, zuri esker ahotsik gabekoen bozgorailu izaten jarraitu ahal izango dugulako. Eskerrik asko, zuri esker euskara ikusezin duten etxeetara iristen jarraituko dugulako. Informazioak askeago egiten gaitu, eta beste komunikabide bat herrian egoteak pitinka-pitinka herritar askeagoak egiten gaitu. Hori ere, Binkekide, zuri esker.
Bide horretan jarraitzeko xedez, Binkeren batzorde orokorrak lanean jarraituko du gogor, baina zure ekarpen eta kritikei esker egingo da are gogorragoa proiektua. Badakizu beraz: ateak zabal-zabalik dituzu. Ordea, jakin, ekarpen eta kritika horiek konpromiso handiagoz egin gura badituzu, batzordea herritar guztientzako zabalik dagoela. Plazer baduzu.
Bien bitartean, aldizkari xume honek jarraituko du bere akatsetatik hobetzen, herritarrak entzun eta protagonista egitetik ikasten eta, zergatik ez, pixkanaka Galdakao eta Usansolo herri euskaldunagoak egiten. •