Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, Metroaren 5. linea 2030ean martxan jarriko da. Basauri eta Usansoloko ospitalearen arteko trazatuaren kasuan, %61 induskatu da dagoeneko.
Metroaren 5. linearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute Galdakaon. Azpiegitura berriak Basauri eta Usansoloko ospitalea lotuko ditu, eta bost geltoki izango ditu: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea. Guztira, 6,3 kilometro inguruko ibilbidea izango du, eta Galdakao Bilboko Metroaren sarean integratzea ahalbidetuko du.
BINKEk jaso zuen moduan, Bengoetxen izango den geltokiaren tunelera bisita instituzionala egin zuten barikuan Iñigo Arriandiaga Galdakaoko alkateak, Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak, besteak beste.
Bisitan ezagutzera eman zutenez, Bengoetxen eta Aperribain izango diren geltokien indusketa lanak amaitu dira, eta, horrenbestez, geltokien eraikuntza lanen faseari ekingo zaio.
Bestalde, linearen tunelaren indusketak ere aurrera doaz, eta dagoeneko 3,87 kilometro inguru induskatu dira, aurreikusitako 6,3 kilometroetatik, hau da, ibilbidearen %61 inguru.
Azken aurreikuspenen arabera, linea 2030 inguruan martxan jarriko da, aurreko epeak egokitu ostean. Hala, azpiegiturak Galdakao Bilboko Metropoli Trenbidearen sarean sartzea eta Basauri, Galdakao eta Usansoloko ospitalearen arteko lotura hobetzea ahalbidetuko du.




