Barsanti konpainiak osasun publikoa eta diru-gosea umorez jorratzen dituen Kodizia Late Night ikuskizuna eskainiko du bihar, irailak 17, 21:00etan Santi Brouard enparantzan. Hitzorduaren atarian, Pako Revueltas zuzendariarekin hitz egin du BINKEk obraren inguruan.
Kodizia Late Night ikuskizunak gaueko telebista-programa baten formatua erabiltzen du justiziaz eta osasun publikoa bezalako gai serioez hitz egiteko. Zerk bultzatu zintuen gai konplexuei heltzeko late night lengoaia aukeratzera? Gure lan guztiak gai sozialak eta nahiko politikoak dira. Gustatzen zaigu kalean egiten ditugun lanetan, interesatzen zaizkigun gaiak ere jorratzea.
Obran osasun publikoaz hitz egiten duzue, baita osasun publikoa negozio-subjektu bihurtzearen zilegitasunaz ere. Zenbateraino obraren asmoa da diruaren, boterearen eta oinarrizko eskubideen arteko harremanari buruz gogoeta egitea? Obra hau martxan jarri genuenean, gure buruari egiten genuen galdera zera zen: Zilegizkoak ahal dira gauza guztiak dirua edota negozioa egiteko? Kapitalismoak baietz esaten digu baina guk ez dugu hori uste, osasun publikoa, etxebizitza eta beste giza eskubide batzuk hortik kanpo egon beharko lirateke.
Antzezlana «tragedia greko moderno» gisa definitzen duzue, non «errugabe batek ondorioak ordaintzen dituen. Nor da errugabe hori eta zer irudikatzen du istorioaren barruan? Ez dugu spoilerrik egin nahi, baina gure obran badago pertsonai bat besteen erabakien eraginak jasatzen dituena.
Obra bihar aurkeztuko da Galdakaon. Zer espero duzu gertatzea Kodizia late nightek galdakoztarrekin topo egiten duenean? Ba ikustera datorren jendea gustora geratzea eta bide batez, gaiaren inguruko eztabaidatxoa egotea lortzen badugu, hobeto.




