Bihar eta etzi Emakumeen Bigarren Mailako Saskibaloi Euskal Kopa antolatuko da Urreta kiroldegian. Bertan Smartlog Ointxe, Domusa Teknik ISB eta Horbisa Spirit Greenkw Barakaldo taldeek hartuko dute parte, eta baita Ibaizabal galdakoztarrak ere.
Hitzordu berezia hartuko du Urreta kiroldegiak asteburuan. Emakumezkoen Bigarren Mailako Saskibaloi Euskal Kopa Galdakaon antolatuko da aurten ere, lau talderen parte-hartzearekin.
Hiru partida jokatuko dira guztira Urretan. Bihar, irailak 26, 17:30ean Smartlog Ointxe eta Domusa Teknik ISB taldeak aurrez aurre jarriko finalerdian eta ostean aldiz, 19:30ean, Ibaizabal eta Horbisa Spirit Greenkw Barakaldo taldeak neurtuko dira.
Bi norgehiagoka horietako irabazleek domekan 17:30ean jokatuko dute txapelketako finala, eta partida guztietarako sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.
Txapelketaren aurkezpen ofiziala atzo egin zen Urreta kiroldegian, eta bertan izan ziren Iñigo Arriandiaga Galdakaoko alkatea, Asier Korta Kirol zinegotzia, Amets Iturbe Berdintasun zinegotzia, Luis Sautu Euskal Saskibaloi Federazioko lehendakaria, Unai Zamorano Ibaizabal klubeko lehendakaria, Julene Royale Ibaizabaleko jokalaria, Alberto Cea Barakaldoko taldeko kirol zuzendaria, Celia Carra Barakaldoko jokalaria, eta David Peña Ointxeko entrenatzailea.
Arriandiagak Galdakaon halako txapelketa izatea «oso pozgarria» dela adierazi zuen, eta horren bidez «kirolak herrian duen indarra» erakustea espero duela nabarmendu zuen.
Bestalde, Sautuk Galdakaoko Udalak eta Ibaizabal taldeak Federazioaren jarduerekin eta ekitaldiekin duten «etengabeko lankidetza eta harrera ona» eskertu zuen, horregatik baita posible «halako ekitaldiak Galdakaora ekartzeko aukera izatea».
Ildo horretan, euskal saskibaloiak duen maila eta «bertako jokalariek txapelketan duten presentzia» azpimarratu zituen, eta iazko denboraldiaren ostean taldeek «aurten ere zaleei poztasun handiak ematea» espero duela adierazi zuen.
Royalek aldiz, —BINKEko apirileko azalekoa izandakoak— zaleak Urretara hurbiltzera animatu zituen, berak 10 urte zituenetik jarraitzen duen txapelketa dela aitortuz. «Emakumezkoen saskibaloia oso polita da eta zuzenean ikustea merezi du», nabarmendu zuen.




