Estatu Batuetako, Suediako eta Euskal Herriko artistak, Kaiola Festibalaren 10. edizioan

Argazkia: Irati Alonso García.

Musika esperimentala ardatz duen Kaiola Festibal galdakoztarrak 10 urte beteko ditu aurten, eta egitarau erakargarria eskainiko du urriaren 16 eta 17an. Zehazki, Estatu Batuetako, Suediako eta Euskal Herriko musikariak arituko dira jaialdian.

Erreferente bihurtu da dagoeneko Kaiola Festibala, eta aurten 10 urte beteko ditu. Urriaren 16 eta 17an antolatuko da, eta Estatu Batuetako, Suediako eta Euskal Herriko taldeak batuko ditu.

«Bi ikuspuntu bermatu nahi izan ditugu aurten. Batetik, euskal talde bat aritzea jaialdian, eta bestetik, Kaiola festibala kalera ateratzea», azaldu zuen Edurne Espilla Kultura zinegotziak ekimenaren aurkezpenean.

Jaialdia kalera ateratzeko, tailer didaktiko eta interaktiboa eskainiko du Joey Baron eta Robyn Schulkowsky artistek osatutako bikoteak urriaren 16an, 18:30ean Gandasegiko arkupeetan.

Urriaren 17an aldiz, Torrezabal Kultur Etxean izango dira kontzertuak 20:00etatik aurrera, eta talde hauek arituko dira:

  • Trevor Dunn (AEB): Musikari eta konpositore estatubatuarra da Trevor Dunn, eta nazioarteko musika eszenako izen ezagunenetako bat. Mr. Bungle, Fantômas eta Tomahawk taldeetako sortzaileetako bat izan da, eta jazzaren, inprobisazioaren eta rock esperimentalaren arteko mugak arakatzen dituzten hainbat proiektutan parte hartu du.
  • Joey Baron & Robyn Schulkowsky (AEB): Perkusioaren munduko bi erreferente dira Joey Baron eta Robyn Schulkowsky. Baron Naked City eta Masada taldeetako kide sortzailea eta John Zornen ohiko kolaboratzailea izan da; Schulkowskyk, berriz, ibilbide luzea egin du musika garaikidean, inprobisazioan eta abangoardiako perkusioan.
  • Backengrillen (Suedia): Backengrillen Refused taldeko hiru kide ohik eta Mats Gustafsson saxofonista eta inprobisatzaileak osatutako proiektu berria da. Hardcorearen energia, rocka eta inprobisazio askea uztartzen ditu, zuzeneko bizi eta intentsu baten bidez.
  • Titan to Tachyons (AEB): New Yorkeko laukote instrumentala da Titan to Tachyons, eta hardcorea, jazza, inprobisazioa eta rock esperimentala uztartzen ditu. Soinu indartsu eta erritmo aldakorrez osatutako proposamen esperimentala eskaintzen du.
  • Akauzazte (Euskal Herria): Euskal Herriko talde berezienetako bat da Akauzazte, soinu ilun, primitibo eta esperimentaleko unibertso propioarekin. 2019tik eszenatokietatik kanpo egon ondoren, jatorrizko zazpi kideko formazioarekin itzuliko da Galdakaora, taldeak egingo duen lehen kontzertua eskainiz.

Urriaren 16ko saioa doakoa izango da, eta 17rako aldiz, sarrerak eskuragai daude webgunean 15 euroko prezioan.

situs togel

situs toto