Kaiola Festibala
BINKE / 2022ko ekaina

Kaiola, ohiko jaialdietatik urrun

TESTUA: Unai Sarriugarte Lasarte
ARGAZKIAK: Kaiola Festibala

Kaiola festibalaren seigarren edizioa antolatu berri dute ekainaren 3an eta 4an Galdakaoko Udalak eta Aritza Landaluze galdakoztarrak. Bertan izan zen Binke, eta antolatzailearekin ez ezik, toki anitzetatik etorritako ikusleekin ere hitz egiteko aukera izan zuen.

Kaiola festibalaren seigarren edizioa ospatu zen pasa den ekainaren 3an eta 4an Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean. Izan ere, festibal honek zenbait urte daramatza egungo musika panoraman «diferenteak» diren taldeak gurera ekartzen. Hori dela medio, ezohiko musika jaialdi honetan barneratu zen Binke, honen inguruan zertxobait gehiago jakiteko helburuarekin.

Jaialdia 2016. urtean martxan jarri zenetik, Aritza Landaluze galdakoztarra arduratzen da kontzeptu artistikoari eta gainerako ildoei forma emateaz. Jaialdiaren antolatzaileak ikuspuntuak trukatzen ditu unean uneko Galdakaoko Udaleko Kultura sailarekin, urte bakoitzeko musika eskaintza zein izango den erabakitzeko asmoz. 

Landaluzeri aspaldi bururatu zitzaion ohiko jaialdietatik urruntzen zen jaialdi bat antolatzearen inguruko ideia, bere osabak musikaren alde zuen grina aintzat hartuz. Hori dela medio, duela sei urte ailegatu zen ideia horri forma emateko garaia, urte hartan izan baitzen egitasmo musikal honen lehendabiziko edizioa.

Ohiko formatuaren itzulera. Koronabirusaren pandemiak eragindako ezohiko bi urteren ondoren jaialdia ohiko formatu presentzialera itzuli zen ekaineko lehendabiziko asteburuan. Alarma egoera eta pandemia dela, pasa den urteko jaialdian ikus-entzuleak eserita egon behar izan ziren aretoan, eta, hori gutxi balitz, Euskal Herriko musika taldeez soilik osatutako taldeak taularatu zituzten. Baina, oraingo honetan berriro ere nazioarteko artistez osatutako kartelaz gozatu ahal izan zuten Galdakaora bertaratu zirenek, inongo murrizketarik gabe, gainera.

Ezagun xamarra da Galdakaon Kaiola festibalean eskaintzen diren kontzertuak bakarrak direla inprobisazioaren aldetik. Musikari hauek normalean beren biretan murgilduta ibili ohi dira Europan barrena, eta, Galdakaon elkarrekin egiten dute topo. Torrezabalen oholtza gainean elkarren ondoan jarri, elkarri begiratu eta jotzen hasten dira, momentu sinestezinak bizitzen dituztelarik gurean. 

Aritza Landaluzek Binkeri kontatu zionez, «jendea oso gustora ibili izan zen jaialdiak iraun zuen bi egunetan barrena, norbanakoek lurrean eserita nahiz etzanda egotea erabaki zutelarik», eta gaineratu: «Lehendabiziko unetik askatasuna sentitu zuen publikoak musukorik gabe, eta ohiko normaltasun batean murgildurik, eroso sentitu ziren».

Giroa ederra izan zen, jendea musika «alternatiboago» bat entzutera etorri baitzen. Errespetuzko giroa izan da aurten berirro ere Kaiola jaialdian, jendea ezperientzi ezberdin bat sentitzera etorri delarik, eta, antolatzaileek hori «izugarri» eskertzen dute, nahiz eta, herriko jende gehiago espero, jendea bere konfort zonatik ateratzea zail xamarra izaten baita.

Jaialdi erabat kualitatiboa. Pandemia heldu baino lehen, 2019. urtean, giro izugarria lortu zuen festibalak eta aurten hori berreskuratzea zuten erronka. Hortaz, jendea erakartzeko lan ikaragarria egin zuten antolatzaileek. Horretarako, sei elkarrizketa atondu zituzten Euskal Herriko irrati nagusiekin.

Gainera, EITBk Kaiolaren nondik-norakoak laburbiltzen zuen bideo promoa beraien agenda kulturalean ezarri zuen. Berria egunkariak ere Oren Ambarchi-ri —jaialdian parte hartu duen artistetariko bati— elkarrizketa bat egin zion. Hitz gutxitan, aurten Kaiola jaialdi kuantitibo bat izan behar zen arren, hauxe festibal erabat kualitatiboa izan da.

Landaluzek argi dauka, «Kaiolarako aurrekontu handiago bat» behar dutela, talde asko izan baitituzte etorri gabe, beraien aurrekontuak ezin zituztelako ordaindu. Baina, izan dituzten baliabide ekonomikoekin «ondo baino hobeto» moldatu direla aitortu zigun.

Publiko anitza Kaiolan. Aurtengo jaialdiko publikoa nahiz eta murritza izan, anitza izan zen jatorrien aldetik. Bizkaiko hainbat tokitatik bertaratu zen jendea jaialdira, hala nola, Bilbotik, Igorretik, Zornotzatik edota Bermeotik, baita Gipuzkoatik ere, Irunetik, Beratik, Urretxutik, Zumaiatik, Donostitik, Azkoitiatik edota Azkoititik, besteak beste. Horrez gain, espainiar estatutik ere ailegatutakoak egon ziren, Xixonetik, Madriletik edota Bartzelonatik, tarteko.

Barikuan izandako Jon Etxabe eta Izaskun Bilbao bilbotarrek nabarmendu zutenez, orokorrean Kaiola «nahiko interesgarria eta freskoa» izaten da. Bikote bilbotarrarentzat euskal musika panoraman tankera honetako proposamenak «ugariagoak izan beharko litareke», egungo makrofestibaletatik aldentzen den eskaintza, hain zuzen ere.

Xabier eta Nerea galdakoztarrak ere igaro ziren bertatik. Beste edizioren batean egondakoak dira biak, eta, aurreko edizioak izugarri gustatu zitzaizkiela aitortu zuten. Euren esanetan, «ez gara musika honetan espezialistak, baina ezohiko festibalak ikustea batzutan pozgarria da, eta, galdakoztarrak izanda jaialdia ikustera animatu gara».

Iker Arrazola azpeitiarra eta Javier Ucar «Amsia» musikari eta DJ azkoitiarra izan ziren larunbateko kontzertuak ikustera bertararu ziren zaleetariko batzuk. Arrazolak zioenaren arabera, bigarren aldia zuen festibalean, eta, etorri baino lehen zituen espektatibak bete dituela aitortu zigun. «Amsia» musikari eta DJaren esanetan: «Ez dago horrelako gauzak gurean ikusteko aukera askorik, kartela nahiko potentea izan baita».

Festibalaren bigarren egunean ikusleen nazioarteko ordezkaritza ere egon zen, Damien Koene belgikarra igaro baitzen Torrezabaletik. Gaur egun Gipuzkoan bizi den Koenek aitortu zuenez, «ondo baino hobeto ezagutzen ditut festibalera datozen artistak, eta, eskaintzen duten nibela izugarria da». Belgikarrak aurtengo kartela «ikaragarritzat» jo zuen, eta, euskal lurraldean daramatzan bost urteotan aurkitu duen eskaintzarik hoberena dela zioen.

Estatubatuarrak jaun eta jabe. Jaialdiaren lehenbiziko egunean, barikuan, kalitate ikaragarriko artistek egin zuten topo oholtza gainean. Oren Ambarchi & Crys Cole —Australia eta Kanada— osatutako bikoteak tankera anitzetako soinu-hotsak interpretatu zituen. Bikote honek musika elektroakustikoaz baliatuz, soinu abstraktuak landu zituen Galdakaon.

Estatu Batuetako Leila Bordreuil & Chris Corsano & Luke Stewart hirukoteak, berriz, free jazzaren, noisearen, nahiz rock abangoardistarekin zerikusia zuten erritmoak eta soinuak interpretatu zituen. Marcia Bassett & Samara Lubelski —EEBB— osatutako bikoteak ere noise-drone-psikodelikokoetara garamatzaten soinu-hotsak eman zituen ezagutzera. Duo-formatuan biolin eta gitarraren uztarketa ezinhobea eman zuten aditzera, euren alderik pertsonalena azaleratuz.

Azkenik, Libanoko Mazen Kerbaj artista bisual eta musikariak tronpeta erabiliz bere instrumentuaren soinuaren mugetara eraman zituen bertaratu ziren ikus-entzuleak. 

Bestalde, larunbatean nazioarteko beste lau artisten txanda izan zen. William Parker & Hamid Drake —EEBB— bikoteak zur eta lur utzi zituen bertaratu zirenak. William Parker gaur egun munduko free-jazz-baxista oparoenetakoa dugu, eta, Hamid Drake perkusionista eta jazz-bateria famatua ere bada. Free jazz mundu panoramako bikoterik esanguratsuenak txunditu egin zituen Torrezabalera iritsi ziren euskal lurraldeko nahiz kanpoko zaleak. Hitz gutxitan, beraien jazz-ak ikus-entzuleen buruak nabarmenki astindu zituen, publikoa «beste galaxia batera» lekualdatuz.

Aritz Landaluze Kaiola festibalaren antolatzaileak bitxikeri gisa kontatu zigunez, «William Parker musikari eta jazz maisuari duela bi hilabete eskas markapasos bat jarri zioten». Hala, festibalaren antolatzaileentzat ezusteko galanta izan zen Torrezabalen bera ikusi ahal izatea. Parker esklusiboki musika emanaldi hau ematera etorri zen Europara, hau da, Galdakaora. «Orain berriro ere New Yorken, bere jaioterrian, lasai asko dago eta udan Europara etortzeko asmo galantarekin», dio Landaluzek.

Larunbateko bigarren proposamen musikala Francois J. Bonnet & Stephen O’Malley frantziar eta estatubatuar bikotearen esku egon zen. Biek Recollection GRM eta Spectre Journal zigiluetan esku hartu dute, bai argitalpen-mailan, baita sortzaile gisa ere. Nahiz eta nahiko arraroa den biak batera musika emanaldi batean ikustea, aparteko kontzertua eman zuten, publiko guztiaren gozagarri izan zena. Francois J.Bonnet & Stephen O’Malley beraien soinu ilunekin eta sortu zuten atmosferakin, baso batera garraiatu zuten publikoa, bidaia zoragarri eta sinuoso bat izan zena, alegia. 

Chris Corsano & Dennis Tyfus —EEBB eta Belgika— bikoteak, aldiz, perkusioaren eta ahotsaren improbisazioen munduan barneratu zuen publikoa. Azkenik, Eyvind Kang & Jessika Kenney amerikarren konposizioek entzulearengan oroitzapenak, sentsazioak, korronteak eta ideiak piztu zituzten, entzuleak hor zeudenik edonola ere jakin gabe, hauen barnemuinean baitzeuden.

Musikari erabat profesionalak. Jaialdira etorritako musikariak oso gustura ibili ziren udalerrian lehendabiziko egunetik, baita Bizkaiko hiriburua eta bertako museoak ikustera joateko aukera izan ere. Eskainitako emanaldiekin erabat konforme azaldu ziren, eta, eskerrak eman nahi izan zizkioten festibalaren antolatzaileei, eta, baita publikoari ere. 

Hona datozen musikariak beren esperientzia trukatzera etorri ohi dira, baita gure kultura, hizkuntza, gastronomia eta bestelako kontuak ezagutzera ere. Ezagutzen ez duten beste leku batera datozen ideiarekin iristen dira artistak, eta horren guztiaren inguruko misterio handiak erakartzen ditu.

Musikari hauek nazioarteko hiri handietan kontzertuak ematen egondakoak dira, mila edota bi mila pertsonaren aurrean. Hortaz, musikariek nahiz eta egon zen baino jende gehiago espero, beren egunerokotasunean jotzen duten forma berberean egin zuten, musikari erabat profesionalak baitira. 

Landaluzek Binkeri adierazi zionez, tankera honetako musikariek leku itxi batean jotzea nahi izaten dute, «akustikagatik batez ere». Izan ere, galdakoztarraren esanetan, «kultura espazio ezberdina sortzen da bertan», eta, horrek Kaiola Festibala ederra egiten du antolatzaile zein ikus-entzuleentzat.