Janire eta Sheila Vilchez ahizpek proiektu berria jarri dute martxan: Ritmika Tatis Kluba. Galdakaoko gimnasia erritmikako talde bakarra da, eta 35 kide inguru ditu. Ahizpekin hitz egin du BINKEk taldeari buruz gehiago ezagutzeko asmoz.
Txikitatik maite dute gimnasia erritmikoa Janire eta Sheila Vilchez ahizpa bilbotarrek. Santutxun aritu dira kirolean oso gazte direnetik, eta entrenatzaile lanetan ere aritu dira, duela urte batzuetatik Galdakaon. «Eskolaz kanpoko ekintzen baitan gimnasia erritmikoa irakasteko deitu ziguten eta ordutik Galdakaon gabiltza, hemengo umeekin», azaldu diote ahizpek BINKEri.
Hain zuzen, haur horiekin egiten duten lanarekin jarraitzeko helburuz, proiektu berria jarri dute martxan: Ritmika Tatis Kluba, Galdakaon gaur egun dagoen gimnasia erritimikako klub bakarra. «Bi faktore batu ziren proiektua martxan jartzeko. Batetik, hemen Galdakaon klub bat abiatzeko ideia, eta bestetik guk betidanik talde bat martxan jartzeko izan dugun nahia», aitortu dute ahizpek. «Proiektu bat zerotik abiatzeko anbizioa izan dugu beti, gure semetxoa izango den talde bat sortzekoa», azpimarratu dute.
Kofiantza, oinarria. Taldea 2025ean sortu zen eta gaur egun 35 kide inguruk osatzen dute, gehienak haur eta gaztetxoak, eta Galdakaokoak. «Oso polita da ikustea nola hazten diren gure taldekideak. Batzuk umetxoak zirenean hasi ziren gurekin eta asko bizi dute ordutik. Guretzat oso garrantzitsua da umeak eta gurasoak gurekin eroso sentitzea. Askotan kiroletik kanpo dituzten arazoak azaltzen dizkigute neskek, eta hori gugan duten konfiantzaren adierazle da», diote Janirek eta Sheilak, batzutan «psikologoak bezala» direla azalduz: «Gure lanaren parte bat ere hori da, hazkunde prozesuan gure nesken bidelagun izatea».
Lexikoa, zailena. Duela gutxi jaio den taldea izan arren, arrakastak lortu dituzte dagoeneko. Laia Gomez kideak adibidez, Benjamin A kategoriako gimnasia erritmikoko Bizkaiko finala lehiatu zuen duela aste batzuk Portugaleten, eta txapelduna izan zen. «Garrantzitsua da lorpenak eskuratzea, erreferente bihurtzen direlako beste neska batzuentzat».
Hala ere, argi dute zein den haur eta gazteei bidali behar zaien mezua: «Emaitzak lortzea garrantzitsua da, baina are gehiago galtzen jakitea. Normalena ez da aurreikusi den emaitza lortzea, eta ez da ezer gertatzen, frustrazioa kudeatzen irakasten digu horrek». «Gaur egun badirudi egiten dugun gauza bakoitzean onenak izan behar garela, eta askotan bidean ikasten eta disfrutatzen duguna ahazten zaigu. Guri gimnasta moduan gertatu zaigu, eta ez dugu nahi gure txikitxoei hori gertatzea. Gozatzearen garrantzia azpimarratzen diegu egunero», nabarmendu dute.
Diziplina eta errespetua. Gozatzeaz gain, errespetua eta enpatia dira gehien errepikatzen dizkieten mezuak: «Kirola eta batez ere kideak errespetatzea ezinbestekoa dela azaltzen diegu. Emaitzez harago, pertsonak direla eta bakoitzak bere egoera duela ikasi behar dute. Denok ezin dugu beti egun ona izan, baina egun horietan ere kideak, entrenatzaileak eta gurasoak errespetatzea ezinbestekoa da», diote ahizpek.
Bestetik, gimnasia erritmikoak eskatzen duen diziplina aipatu dute bilbotarrek: «Bi minutu inguruko koreografia bakarrean hilabete luzeetako lana erakutsi behar da eta ondo egiteko kontzentrazioa beharrezkoa da, urduritasuna atzean uztea. Batzuk txapelketetan ez dira entrenamenduetan bezain ondo aritzen, baina horregatik ez diote saiatzeari utzi behar. Gogorrago entrenatu eta urduritasuna kudeatu behar dute kasu horietan».
Entrenatzeko leku gehiago. Barikuetan entrenatzen dute neskek Elexaldeko kiroldegian —astean zehar egiten dituzten eskolaz kanpoko orduetaz gain— eta hasieratik Udalak izandako jarrera lagungarria eskertzen duten arren, entrenatzeko duten lekua txikia dela salatu dute. «Frontoiaren zati bat uzten digute baina euria egiten duenean atletismo taldekoak datoz gure zatitxoaren parte bat hartzera, Udalak leku hori uzten dielako eguraldia txarra denean. Non bizi garen kontuan hartuta, imajinatu ahal duzue zenbat aldiz etorri behar izan diren gure zatiaren partera… Askotan», salatu dute gurasoek. «Udalarekin harremanetan jarri ginen duela hilabete batzuk egoeraren berri emateko eta konponbide bat bilatuko zutela esan ziguten. Ulertzen dugu egoera konplexua dela eta kirol talde asko daudela Galdakaon, baina denboraldi amaieran gaude eta ez dugu konponbide baten berri jaso. Ez dugu askorik eskatu, bakarrik entrenatzeko leku duin bat izatea, koreografiak entsaiatu ahal izateko», adierazi dute. •




