Sri Lanka, Georgia, Ginea eta Argentinako taldeak Folklore Bizian jaialdian
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Virginia Yunes, Gineako «Netos de Bandim» taldea
Folklore Bizian nazioarteko dantza taldeen jaialdia Galdakaon eta Usansolon antolatuko da Andra Mariren eta Oinarinen eskutik, hurrenez hurren, datorren martitzenetik aurrera. Hemen batu du Binkek eguneroko eskaintzaren berri herriz herri, baita talde bisitarien informazio sakonagoa ere.
Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak antolatuta —eta Usansolon Oinarin dantza taldearen laguntza zein parte hartzearekin— badator pandemiaren osteko bigarren Folklore Bizian jaialdia. Guztira 35. edizioa izango da aurtengoa, eta inoiz baino talde gehiago izango dira oholtzan.
Oholtza horiek Galdakaon eskainiko dira jaialdiaren lehenengo bi egunetan, ostean Usansolon eta barikutik aurrera bisitatuko dituzte Sopela —hilaren 22an 20:00etan—, Arrigorriaga —hilaren 23an 20:00etan— eta Areatza —hilaren 24an 20:30ean—.
Euskal Herria bisitatuko duten talde horiek Argentinako «Gran Ballet Argentino», Sri Lankako «Sama», Georgiako «Ivane Javakhishivili Tbilisi State University» eta Ginea Bissauko «Netos de Bandim» taldeak izango dira, denak dantzari eta musikariz osatutakoak eta euren sustraietako dantza zein doinuak oinarri izango dituztenak ikuskizun ikusgarriak eskaintzeko.
Talde gehienak aspaldi sortutakoak dira, baina badago bat 2000. urtean jaiotakoa. Hori Ginea Bissaukoa da, hain zuzen ere, muturreko pobrezian dauden Bandim auzoko haur eta gazteei espazio seguru baten bitartez integrazio sozio-kulturala eskaintzeko asmoz jaio zena.
Lau taldeak ez dira ordea egunero eta agertoki guztietan elkarrekin arituko. Eta Georgiako taldeak, esaterako, aurreikuspen guztien arabera uztailaren 19an baino ez du eskainiko bere emanaldia, Galdakaon.
Hauxe da talde bisitarien inguruko informazioa, Andra Mari Dantza Taldeak Binkeri eskainitakoa —beherago berriz, herriz herriko egitaraua—:
«Netos de Bandim», Ginea-Bissau
Netos de Bandim talde kulturala 2000. urtean sortu zuen Bandimgo Haurtzaroko Lagunen Elkarteak, auzoko gazte eta umeen integrazio sozio-kulturala sustatzeko asmoz.
Taldearen helburu nagusia musika, antzerkia eta dantza etabilita pobrezian bizi ziren eta beharrizan gehien zituzten pertsonei bizikidetza eremu bat eman eta gizarte-jardunbide egokiak irakastea zen. Taldeak bilakaera handia izan du urteetan zehar, Guinea Bissau-ko tradiziozko dantza eta musika nazio mailan eta munduan zehar erakutsiz.
2000. urtean taldea sortutako ume eta gazteak, gaur egun nagusiak iada, taldearen antolakuntzan dihardute ondino, eginkizun desberdinetan, taldeak bere jarduna era egokian egin dezan. Guinea Bissau-ko ondasun kulturalaren mantenu, balorizazio eta hedapenerako ezinbestekoa izan da talde honek egindako lana.
«Ivane Javakhishivili Tbilisi State University», Georgia
«Ivane Javakhishivili Tbilisi State University» taldea David Kikvadzek sortu zuen 1996. urtean. Taldeak programa jarrai bat eskaintzen du, non Georgiako izaera eta Georgiak historian zehar izan dituen aldaketak azaltzen dituen.
Taldeak hainbat estatu desberdinetan hartu du parte, hala nola; Mexiko, Ameriketako Estatu Batuak, Brasil, Argentina, Espainia, Ukraina, Frantzia, Errusia, Bielorrusia, Txina, Turkia, Italia, Portugal, Errumania, Bulgaria, Hungaria, Polonia…
Dantzari georgiarrek euren dantzak bakarka, bikoteka edo taldeka erakusten dituzte. Dantzari bakoitzak talde baldintzak eta dantza adierazpena menderatu behar ditu, indibidualtasuna galdu gabe, dantza batzuetarako indar eta abilezia handia behar baita
Emakume dantzarien rola interesgarria da. Berezko grazia eta xarma dute, ballet klasikoaren antzera, non emozio eta sentimendu bakoitzak bere mugimendu tradizionala duen. Samurrak eta lasaiak dira, eta pauso oso txikiak ematen dituzte, zoruan zehar irrist egingo balute bezala.
Gizonezkoek, bestetik, teknika ezin hobearekin, euren behatz puntetan dantzatu dezakete, oinetakoetan inolako babesik gabe.
«Gran Ballet Argentino», Argentina
1963an sortua, Gran Ballet Argentino taldeak Argentinako tango eta dantza folklorikoen zabalkunde eta adierazpen lanean dihardu, taldearen partaide bakoitzaren trebakuntza, prestakuntza eta hobetzea sustatuz; bai indibidualki eta baita lan-talde moduan. 30 herrialde eta 1500 herri baino gehiagotan erakutsi izan du bere lana.
Taldeak, eszenaratze originalekin, Argentinako eskualde desberdinetako dantzen erakustaldia egiten du, bakoitza bere ezaugarri desberdinekin. Ohiturak, berezko jestuak, teknika landua eta antzerkia nahastu egiten dira kolore, indar, adierazpen,, nortasun eta estilodun ballet bat sortuz.
Egun, Miguel Ángel Tapiaren gidaritzapean dihardu taldeak.
«Sama», Sri Lanka
Elkarte hau munduko irla misteriotsuenetako batetik datorkigu. Sri Lanka munduko erlijio guztien elkargunea da, aberastasun handiko herrialdea. Bertan harribitxiak mordoka erauzten dira, sorginkeriz josita dago, eta bertako ikuskizunek misterioa eta sakratua nahasten dute etengabe.
Ikuskizuna intsentsu eta espezia desberdinen usainekin blaitu egiten du taldeak, te zelaietan zehar edo lokatzdun arroz zelaietan ibiltzen diren bitartean. Era berean, arrantzaleek euren «Katus-Maram»-ak jaurtitzen dituzte, itsaso zingalesarekin duten lotura.
Dantzariek zilarrezko gerrikoak, txintxarriak eta beste hainbat apaingarri eramaten dituzte aldean, jainkoak bailira. Batzuek sua irensten dute, besteak txingarretan ibiltzen dira, eta beste batzuek portzelanazko platerak birarazten dituzte, banbuzko makil luzeen puntetan. Neskak, bestetik, kotoizko traje zuriz janzten dira harribitxz josita hanketatik bururaino.
Folklore Bizian 2022, herriz herri
Uztailak 19, martitzena
Galdakaoko Kurtzeko plazan
20:30ean
- «Gran Ballet Argentino», Argentina
- «Sama», Sri Lanka
- «University», Georgia
Uztailak 20, eguaztena
Galdakaoko Kurtzeko plazan
20:30ean
- «Gran Ballet Argentino», Argentina
- «Netos de Bandim», Ginea-Bissau
- Andra Mari Dantza Taldea, Euskal Herria
Uztailak 21, eguena
Usansoloko Unkina kiroldegian
20:00etan
- «Gran Ballet Argentino», Argentina
- «Sama», Sri Lanka
- Oinarin Dantza Taldea, Euskal Herria
Uztailak 22, barikua
Sopelako Urgitxieta plazan, Larrabasterran
20:00etan
- «Gran Ballet Argentino», Argentina
- «Sama», Sri Lanka
- Andra Mari Dantza Taldea, Euskal Herria
Uztailak 23, zapatua
Arrigorriagako udal kiroldegian
20:00etan
- «Gran Ballet Argentino», Argentina
- «Sama», Sri Lanka
- Andra Mari Dantza Taldea, Euskal Herria
Uztailak 24, domeka
Areatzako Gudarien plazan
20:30ean
- «Gran Ballet Argentino», Argentina
- «Sama», Sri Lanka
- Andra Mari Dantza Taldea, Euskal Herria