Irailaren 11tik 20ra bitartean izango dira Galdakaoko jaiak, eta urtero bezala, kuadrillen arteko txapelketak izango dira protagonista. Aurten Txapelketa Gastronomikoa antolatuko dute lehen aldiz, eta izena emateko epea zabalik dago.
Galdakaoko Udalak eta Jai Batzordeak atzo aurkeztu zuten Santakurtzetan eskainiko dituzten ekintzen zerrenda. Guztira 145 jarduera batuko ditu herriko jaietako egitarauak, adin eta zaletasun guztiei zuzendutakoak, BINKEk jaso zuen moduan.
Kuadrillen arteko txapelketak protagonista izango dira beste behin, eta aurten nobedade batekin helduko dira: lehen aldiz antolatuko den Txapelketa Gastronomikoa.
Aurreko hiru urteetan Txapelketa Ttipia antolatu izan du Jai Batzordeak, baina aurten moldatu dute, eta Txapelketa Gastronomikoa izango da aurrerantzean.
Lehiaketa bost proba gastronomikok osatuko dute, eta hauek izango dira prestatu beharko diren bazkariak: paella, putxerak, hanburgesa, marmitakoa eta tortilla.
Gutxienez 16 urtetik gorako lau lagunek osatutako taldeek, kuadrillek edo elkarteek parte hartu ahal izango dute, eta izena emateko epea zabalik dago irailaren 9ra bitarte.
Santakurtzetako programa osoa ezagutu eta deskargatzeko aukera, hemen.




