Gaur hasi dute lau eguneko greba Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: ELA Osakidetza
Mobilizazioekin jarraitzen dute Labeako ospitaleko TGEEZko langileek euren soldata Osakidetzaren lehenengo mailako arretarekin parekatzea eskatzeko. Gaur lau eguneko greba hasi dute, «ekiparazioa eta negoziazioa» aldarrikatuz.
Labeako ospitalean kokatuta dagoen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek lau eguneko greba hasi dute gaur euren soldata Osakidetzaren lehenengo mailako arretaren lankideekin parekatzea eskatzeko. Goizean goizetik batu dira ospitaleko inguruetan errepidea moztu eta «diskriminazioa eta inposizioaren ordez, ekiparazioa eta negoziazioa» aldarrikatzeko. Barikura arte, hilak 23, izango dira greban langileak, «soldata ekiparazioa orain!» oihukatuz.
SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta UTESE sindikatuen esanetan, «Osakidetzan erabat integratuta gaude eta gure baldintzak eta eskubideak parekatzea erabat bidezkoa da». «Funtsezkoak eta erreferenteak gara euskal Osasun Zerbitzuan eta ez gaituzte aintzat hartzen», salatzen dute.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoko odol- eta ehun-horniketaz arduratzen diren langileek duela hainbat hilabete hasi zituzten mobilizazioak, Binkek berri eman duen moduan. Zehazki, Osakidetzari %4aren igoera eskatzen diote, euren soldata Osakidetzan lehenengo arretan dauden langileen kopurura iristeko.