«Ohiturak aldatu», Amaia Rodrigo
Amaia Rodrigo Aurtenetxe
BINKE / 2018ko abendua
Ohiturak aldatu
Zergatik hitz egiten diozu euskeraz, ama?». Hori izan zen, duela urte bi gutxi gora behera, seme txikiak egin zidan galdera erosketak ordaintzerako orduan, kutxan zegoen neskari euskaraz zuzendu nintzaionean.
«Euskaldunak garelako eta Euskal Herrian bizi garelako», erantzun nion.
Etxerako bidean elkarrizketarekin jarraitu genuen; harrituta zegoen, eta ni are gehiago berak galdera hori egiteaz. Nahiz eta semeekin euskaraz bizi, berari atentzioa deitu zion kalean ezezagun batekin euskaraz hitz egitea.
Oheratzerakoan, gertatutakoa hausnartzen, euskararen inguruan jaso nuen ikastaro batean irakasleak esandakoa etorri zitzaidan burura: «Euskaldunok konplexuz beteta gaude, normalean lehen hitza euskaraz esatearen beldur gara besteak ulertuko ez gaituelakoan».
Egun hartatik aurrera hori aldatzen saiatu naiz, batez ere umeen aurrean, azken finean haurrek imitazioz ikasten dute gehiena. Ohiturak aldatzea oso zaila da eta asko kostatzen du, baina behintzat saia gaitezen.
Zergatik ez urte guztian zehar Ahobizi izan? Abestiak dioen bezala… «Euskalduna bazara, hitz egidazu euskaraz».
Aizkorak zorroztu!