«Etorkizuna eman», Igor Aburto
Igor Aburto Cortes
BINKE / 2018ko urtarrila
Etorkizuna eman
Goizetik altxatu, eta lanera joan aurretik albisteak jartzen ditut. Gehienetan berri txarrak dira, gaur ere, ai ama, lan-baldintzak txarrera doazela berriro, murrizketak, pentsioak,… Berri ilunak.
Bill Gates-ek esan zuen behin, guk beti aldaketa lartxo estimatzen dugula, beti hobera goazela uste baitugu. Nora goaz? Alde batetik bizitza garestitzen doa baina bestetik gure eskubideak murrizten dituzte. Krisiagatik omen da, eta batzuek «austeritatea» deitzen diote gainera. Nola da posible, bi hauek ez al dira ba kontraesanak? Nora gura dute heldu? Samuel Smiles idazle eskoziarrak esan bezala, «bizitzak alde iluna zein distiratsua dauka; baina gure esku dago gustuen daukaguna hautatzea».
Nire bizitzako une bat datorkit gogora, adibide pertsonala da. Urte askotan esaten nuen odol emaile izan behar nintzela, baina egun hori ez zen inoiz heltzen. Patua bitarteko baina, istripu bat izan nuen, eta honek dena amilduarazi zuen. Dohaintza behar nuen, bai ala bai, eta honek aktibatu zuen dena. Odol-emaile egin nintzen, eta oso erraza izan zen. Zer itxaroten ari gara? Neuk hautatu dut jada, eta harro nago. Nire ustean, gure esku dago alde distiratsua hautatzea etorkizuna ematen jarraitzeko.