«Euskaldunez harro, baina…», Mikel Polo
Mikel Polo Gerrikabeitia
BINKE / 2017ko urria
Euskaldunez harro, baina…
Katalunian gertatu dena ideologia eta nortasunaren aniztasunetik harago doa. Igandean eskolen aurrean giro baketsuan bildutako hiritarrek ez zituzten soilik katalanen eskubideak defendatu. Denoi dagozkigun oinarrizko eskubide unibertsalak defendatzeagatik zauritu zituen 844 lagun Espainiako poliziak. Espainiak daukan arazo nagusia, baina, ez da politikoa. Gizartea erabat kutsatu eta gaixotu duten indar faktikoek eraiki dute oinarrizko eskubideak babesteko traba nagusia. Espainiar estatuak koldarkeriaz exekutatutako indarkeria gogor salatu dute Europako hedabideek; espainiar hedabideek aldiz, ia ez dute jarraipenik egin. Katalunian zazpi urte daramatzan euskalduna naizen horretan nire herrikideen erantzuna ere arretaz jarraitu dut. Beste behin harro sentitu naiz euskal gizarteaz, Kataluniari eskainitako elkartasunagatik eta espainiar estatuak sistematikoki urratzen dituen giza-eskubideak aldarrikatu izanagatik. Ezin dut, baina, alde batera utzi gure lehendakariak esandakoa: «Estatu espainiarrak marra gorri guztiak zeharkatu baditu ere, erakunde bien arteko harremanak mantenduko ditugu gure interesak babesteko». Ez da nirekoikeriaz jokatzeko ordua, giza-eskubideak eta baloreak babestu eta hauek erasotzen dituztenak zigortzeko ordua baino. Eskubideen borrokan ez dago distantziakidetasunik.