«Tontikulis-a», Gaizka Uriarte
Gaizka Uriarte Zearra
BINKE / 2016ko apirila
Tontikulis-a
Lehen etorkizuna ate-joka geneukala esaten zen, baina ez, etorkizuna zapatillen parera daukagu, behean, eta horrek lepoko Tontikulisa sortzen digu. Gertatzen den ezerk ez dauka garrantzirik aurretik Facebook, Twitter, WhatsApp, Hashtag edo Trending Topic-aren filtroa pasatzen ez badu. Hitz hauek idaztean, ordenagailuko zuzentzaileak euskarazko hitzak gorriz jartzen dizkit, baina hitz berri horiek ez, horiek asumituta dauzka. Zerbait aldatzen ari da.
Ahaztu zaigu momentuaz guztiz gozatzen, arduratuago gaudelako mugikorrera begira zuzeneko bizipenera baino. Eta gero krisi existentziala dator, «gustatzen zait» gutxi jasotzen badugu, «popularrak» ez garenaren konplexua datorkigu. Aurreko lagunari eskua eman baino, urrutikoari emotikonoa bidaltzen diogu.
Martxoa Madrilgo kongresura begira hasi genuen, eta hangoak, behera begira, dena sare sozialen bidez plazaratzen, «txiokatzen». Ez nago ziur behar zenari adi zeuden ala ez. Gero erabakitakoaz kexatuko gara gainontzekoak.
Aspaldi, izena zuen guztia, bazen. Orain, perfila duen edozer, bada. Aurrez-aurreko komunikaziotik, komuCLICK-aziora pasa gara.