Ibon Martinen ‘Tulipen dantza’ eleberria aztertuko du Galdakaoko Irakurketa Taldeak
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Sandra Alonso
Irakurketa bultzatu eta istorioen inguruko hausnarketak egiteko helburuz, liburuak aztertzeko saioak antolatzen ditu Galdakaoko Irakurketa Taldeak. Martxoaren 27an Ibon Martin idazlearen ‘Tulipen dantza’ izango dute aztergai, Peña Santa Cruzen antolatuko duten saioan.
Bakarrik irakurri ohi da, isiltasuna bilatuz. Galdakaoko Irakurketa Taldeak ordea, irakurketa bultzatu eta istorioen inguruan hausnartzeko helburuz, jarduera kolektiboa bihurtu du urtean zehar antolatzen dituen irakurketa-saioen bitartez.
Eleberrien, komikien eta beste hainbat motatako liburuen inguruko nondik norakoak elkarbanatzen dituzte saio hauetan parte-hartzaileek. Kasu honetan, Ibon Martinen ‘Tulipen dantza’ eleberria izango dute aztergai martxoaren 27an, Peña Santa Cruzen arratsaldeko 18:30ean antolatu duten hitzorduan.
Krimen baten istorioa azaltzen du Ibon Martinek ‘Tulipen dantza’ eleberrian. Urdaibaiko itsasadarraren baretasuna apurtuko da, kazetari ezagun bat trenbidean lotuta agertuko denean, trenak harrapa dezan. Guztia zuzenean grabatua izango da gainera, eta Internet bidez zabaldua. Krimen lazgarri bezain ankerra, beste zenbaiten aurrekari izango dena, eta denetan egilearen sinadura makabro bera: tulipa berezi bat, odola bezain gorria.
Hau abiapuntu hartuz, hainbat galdera bota ditu Martinek. Zein da, baina, hiltzaile tulipazale horren motibazioa? Zein, horren gupidagabe jokatzeko arrazoia? Eta zein izango ote da haren hurrengo pausoa?
Galdera hauek eta beste hainbat erantzuten saiatuko dira Galdakaoko Irakurketa Taldeak antolatutako parte-hartzaileak.