Tartean Teatroak ‘Ai, Gure Juaneteak!’ antzezlana eskainiko du azaroaren 20an Torrezabal Kultur Etxean. Saioaren atarian, Patxo Telleria obraren zuzendari eta aktorearekin hitz egin du BINKEk.
Euskaldunon imajinarioan ezinbestekoak diren Mikel Laboaren kantak hartu eta bereak egin ditu Tartean Teatroak ‘Ai, Gure Juaneteak!’ antzezlanean. Azaroaren 20an Galdakaon arituko da taldea, Patxo Telleriaren zuzendaritzapean. Obran aktore lanetan ere arituko den artistarekin hitz egin dugu saioaren atarian.
‘Ai, Gure Juaneteak!’ lanean Mikel Laboaren abestiak berrinterpretatzera ausartu zarete, euskal imajinario kolektiboaren parte direnak. Beldurra ematen du horrek? Beldurra baino gehiago, errespetua esango nuke nik. Baina sortzaileak ausardia erakutsi behar du bere lanean. Egia esan, sortze prozesuan lehen pausua ez zen izan Laboaren lantak berinterpretatzea. Nik nire bilakaera politiko eta emozionalaz hitz egin nahi nuen, nolakoa nintzen duela 40 urte, nola ikusten nuen mundua eta neure burua, eta nola ikusten ditudan orain. Nire bilakaera eta nire belaunaldiarena, oro har. Gizartearena. Ondoren etorri zen Laboaren kantak erabiltzearen ideia. Duela berrogei urte hasi nintzelako kanta horiek ezagutzen eta kantatzen. Eta ideia ona iruditu zitzaidan kanta horien letrak aldatzea, hain zuzen ere bilakaera hori islatzeko. Laboa aukeratu nuen hain zuzen ere gure imajinario kolektiboko parte zelako.
Noizbait esan duzu gaztetan uste zenuela Laboak «erraldoi, titan eta kolosoentzat» abesten zuela, eta orain beste modu batera ikusten duzula. Zer aldatu da urteekin Laboa entzuteko duzun moduan? Laboaren kantak gehienak frankismoan edo lehenengo postfrankismoan sortu ziren. Garai hartan gauzak sinpleagoak ziren edo behintzat sinpleago ikusten genituen: bazeuden onak eta txarrak, zuriak eta beltzak. Oso garbi genuen etsaia nor zen, eta oso garbi gu trintxeraren bestaldean geundela. Esaterako, lehen aipatu dudan kantan, ‘Nere Juaneteak’, Laboak (Artze-k egokiago esanda, bera baitzen letraren egilea) salatzen du «Handikien» hipokresia, «karitatea» ahoan, baina funtsean proletargoa gosez kondenatzera behartzen duena. Nire bertsioan ez dut «handikiei» buruz hitz egiten. Niri (guri) buruz hitz egiten dut. Gure konpromiso soziala askotan berbala delako, teorikoa, baina benetako konpromisoa eskatzen denean, kikildu egin ohi garela, besaulkiko ezkertiar teorikoak garela, alegia. Gaztetan pentsatzen nuen giganteak ginela, nintzela; gaur egun gizabere galdua naizela sentitzen dut.
Antzezlanak antzerkia, musika eta ahozko hitzak nahasten ditu, eta zu zeu aktore izatetik musikari izatera pasatzen zara. Nola uztartzen da hori? Nahiko modu naturalean. Batez ere aktore lana da nirea. Bi musikorekin aritzen naiz taula gainean eta eurak bai, benetako musikari petoak dira. Ni ez naiz haien mailara iristen, baina eroso sentitzen naiz eurekin jotzen, eta gainera asko disfrutatzen dut.
Ba al dago Laboaren abestirik ikuskizun hau sortzean modu zeharo desberdinean ulertu duzunik? Asko. Ia guztiak, esango nuke. Esanahia irauli dut, guztiz berritu. ‘Txoria Txori’, esaterako: hor aitortzen dut neure hegoak mozteko tentazioa dudala, ez naizelako ausartzen libre hegan egitera, bizitzak batzuetan bertigoa ematen didalako… Eta horrela hamahiru kantak.
Galdakaon arituko zarete. Zerbait aldatzen al da memoriari eta euskal kulturari hain lotuta dagoen obra bat irudikatzea publikoak imajinario horrekin hain harreman hurbila duen herrietako agertokietara eramaten denean? Herri askotan egon gara eta nik esango nuke erantzuna oso antzekoa direla toki guztietan. Jendeak hasteko, harridura adierazten du, formato eta proposamen dramaturgiko oso berezia delako, normalean ikusten ez dena. Eta ondoren, gehienetan, nolabaiteko identifikazio bat sortzen da ni eta publikoaren aurrean. Jendeak oso ondo ulertzen nauela uste dut.
Abesti horien inguruan hainbeste denbora lanean eman ondoren, ba al dago lehen bezala entzun ezin duzun baten bat? Erabili ditudan kanta guztiekin gertatzen zait hori. Normala da, hainbeste entsaiotan eta hainbeste emanalditan kantak nire moduan eman eta gero, zaila da konexio hori ez egitea. Dena den, oraindik disfrutatzen dut Laboaren kantak entzunda, jakina.
Eta galdera pertsonalago bat: Mikel Laboa Torrezabaleko entzuleen artean eseri eta ‘Ai, Gure Juaneteak!’ ikusi ahal izango balu, zure ustez, zerk harrituko luke? Uff! Ez pentsa galdera hori egin ez diodanik neure buruari! Egia esan ez naiz nor esateko nola erantzungo lukeen. Nik dakidanagatik, artista genial bat izateaz gain, bazeukan umore sena eta gainera izakera apala. Beraz pentsatu nahi dut begi onez ikusiko eta entzungo lukeela. Sikeran kuriositatez. Gustatuko zitzaion ala ez, hori ez dago nire esku jakiterik. •




