Andra Mariko ikasleek Bilboko txapelketan parte hartu zuten haiek eraikitako autoarekin
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Andra Mari Lanbide Heziketa zentroa
Atzo egin zen Bilbon aurtengo auto elektrikoen lehen lasterketa eta parte-hartzaileen artean Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako ikasleak izan ziren. Gazteak haiek eraikitako auto ekologikoarekin lehiatu ziren.
Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako ikastetxeak ‘Greenpower’ proiektuan parte hartu du, Udalaren babesarekin. Honen bitartez, ikasleek haien auto elektriko ekologikoa eraikitzen dute, antolatzen diren lehiaketetan parte hartzeko.
Aurtengo edizioa Bilbon hasi zen atzo, San Mamesen egin zen txapelketan. Honetan EAE, Kantabria, Asturias eta Galiziako hamabi ikastetxek parte hartu zuten eta han izan ziren ere Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako ikasleak.
Lehiaketa honen irabazlea bateria agortu gabe kilometro gehiago egiteko gai zen auto elektrikoa izan zen, hau da, energetikoki modu eraginkorrean gidatu zuena. Andra Mariko ikasleak garaipena lortzen saiatu ziren baina kolpe bat jaso zuten. «Nahiz eta ikasleek matxura konpontzeko ahaleginak egin zituzten, lasterketa utzi behar izan zuten», azaldu dute Andra Maritik.
«Hala ere, FP Andramariko ikasleak eta irakasleak pozik geratu ziren bizitako esperientziarekin eta gogotsu hartuko dute parte hurrengo lasterketetan», adierazi dute zentrotik. Leioan, Etxebarrin, Galdakaon eta Barakaldon egingo diren txapelketetan parte hartuko dute ere ikasleek.