Udalak Ibaizabaleko ur fekalei buruzko galderak erantzuten ez dituela salatu du EAJk
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EAJ
Urtarrileko Hirigintza Batzordean EAJren bozeramaile den Ainhoa Agirregoikoak Ibaizabaleko ur fekalei buruzko hainbat galdera egin zizkion Udal Gobernuari. Ordutik erantzunik jaso ez dutela salatu dute jeltzaleek.
Bideratu gabeko ur fekalek zikinkeria sortu dute Ibaizabal ibaia berbideratzeko obretan. Honen aurrean, Udal Gobernuak Ur Patzuergoarekin akordio batera heldu zela iragarri zuen, ur beltzak identifikatu eta kolektore orokorrera eramateko, Binkek jaso zuen moduan.
Ainhoa Agirregoikoa EAJren bozeramaileak hain zuzen ur fekalen inguruko galderak egin zizkion Udal Gobernuari urtarrileko Hirigintza Batzordean eta gaur egun erantzunik gabe jarraitzen duela salatu du alderdiak. «EH Bildu buru duen gobernu-talde horrek gardentasunaren defentsa egiten du eta, aldi berean, EAJ-PNVk oposizioko lehen indar gisa egindako galderei behin eta berriz erantzutea saihesten du», kritikatu du Agirregoikoak.
«Ordezkatzen ditugun galdakoztarren aurka doa informaziorako sarbidea ukatzea eta Udal Erregelamendu Organikoa alde batera uztea, toki-administrazioaren funtzionamendu-arauak ezartzen baititu», adierazi du maiatzeko udal hauteskudeetan EAJren alkategaia izango denak.
Horregatik, kexa formal bat aurkeztu du EAJk. Galdakaoko Udaleko idazkari nagusiari eskatu dio bere gain har ditzala EH Bildu buru duen gobernu-taldeari dagozkion erantzukizun juridikoak, «UAO (Udal Araudi Organikoa) etengabe ez betetzeagatik eta herritarren zerbitzura dagoen informazio-eskaera kontuan ez hartzeagatik».