«Usansoloren mugak», Jagoba Epalza
Jagoba Epalza Uriarte
BINKE / 2017ko urtarrila
Usansoloren mugak
Betidanik entzun eta irakurri dut Usansolok arau eta erabakitzeko ahalmena zituela, nortasun handiko herria zela eta leku estrategikoa. Gogoratzen dut txikia nintzenean, plazan elkartzen zirela usansolotarrak desanexio-prozesuaren berri izateko. Orduan ere, mugen gaia landu zen eta Usansoloko desanexiorako gestoretan akordioa egin eta mugak zehaztea lortu zela. Alkatearen esanek harritu eta kezkatzen naute. Badirudi Uriberi ez zaiola historia inporta, desanexioa gaurko kontu bat dela eta hutsetik hasteko beharra dagoela. Nire ustez, errespetu handia merezi duen gaia da; pasa den gestoretan parte hartu zutenen erabakiak eta itzelezko lana egin zuten pertsonak, eta usansolotarrek 2014ko herri-galdeketan adierazitako erabakia. Pena da, zelan Uribek bere botereaz usansolotar askoren iritzi eta nahia mespretxatzen duen, entzungor eta ez ikusiarena eginez, baita pasa den gestoran bere alderdiko pertsonen lana eta nahia ere, ontzat jo zituztelako adostutako Usansoloko mugak. Hau horrela izanda, posible da alkateak errespetatzea Usansolo ordezkatzen duen bere alderdikidea? Bera beti kontran azaldu denean? Mugei dagokienez, nortzuk goaz Usansoloko anbulatoriora? Eskolara? Nortzuk bozkatzen dugu Unkinako hauteslekuan? Mugak badaude!