Rexcatering proiektua Innovation In Politics sariaren finalista izendatu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Zero Zabor fundazioa
Zero Zabor fundazio galdakoztarrak jantokietako soberakinak modu seguruan berreskuratzeko Rexcatering proiektua jarri du martxan Etxebarrin. The Innovation in Politics institutuak urteko proiektu onenen artean izendatu du, ingurumena babesteko kategorian.
The Innovation in Politics institutuak Europa osoko administrazio publikoen proiektu onenen zerrenda egiten du urtero, «beren sormenagatik eta ausardiagatik» nabarmentzen direnak. Aurten Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak bultzatutako Zero Zabor fundazioak Etxebarriko Udalarekin batera abiatutako Rexcatering izendatu dute finalisten artean.
Proiektu irabazleak 2023ko maiatzaren 11ko Nazioarteko Konferentzian eta Sarien Galan iragarriko dira, Varsoviako Kultur Jauregian egingo duten ekitaldian. Guztira, 26 herrialdetako 337 proiektuk parte hartu dute aurten.
Rexcatering proiektuaren bitartez sukalde zentraletan eta jantoki kolektiboetan elikagai-soberakinak modu seguruan berreskuratzen dituzte, tokiko osasun-administrazioek onartutako prozedura higieniko-sanitario baten bidez. Soberakin aprobetxagarri horiek berriro sartzen dira nekazaritzako elikagaien katean, eta herritarren eskura jartzen dira vending-makinetan. Zero Zabor Hozkailuak deitzen diete makina hauei eta hauetan dagoen janaria doakoa da.
Kasu honetan, Etxebarrin jarri du martxan Zero Zabor Hozkailua ekimena elkarte galdakoztarrak, Etxebarriko Udalarekin elkarlanean. «Proiektu honek kezka sozial handi batean arreta jartzen du, izan ere, elikagaiak alferrik galtzea nabarmen murriztea helburu estrategikoa da Europako erakundeentzat, haien dimentsio sozial, ekonomiko, ekologiko eta etikoagatik. Pozik gaude Innovation in Politics sariek Rexcatering bezalako ekimenei ikusgarritasun eta aintzatespen handiagoa emateko balio dutelako», azaldu zuen David Lealek, The Innovation in Politics institutuaren Espainiako ordezkariak.