Arartekoak «lankidetza falta» egotzi dio Galdakaoko Udalari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EITB
Manuel Lezertua Arartekoak bere iazko jardueraren txostena argitaratu du eta honetan lehen aldiz «lankidetza falta» egotzi dio Bizkaiko 19 instituziori, haien artean Galdakaoko Udalari. Informazio-eskaerei erantzuteko urtebete eta bi urte bitartean behar izana leporatu dio.
Gaur, martxoak 28, argitaratu du Manuel Lezertua Arartekoak bere iazko jardueraren txostena. Honetan, lehen aldiz «lankidetza falta» egotzi dio Bizkaiko 19 instituziori, haien artean Galdakaoko Udalari. Arartekoaren esanetan, «urtebete eta bi urte bitartean behar izan dute informazio-eskaerak erantzuteko».
«Pertsonen eskubideen babesari modu negatiboan eragiten dio honek, eta eragozpen larria da Legebiltzarrak udalei esleitutako eginkizunetarako», adierazi du Arartekoak txostenean. Horregatik, ezarri ahal dien neurri gogorrena jarri die 19 instituzio hauei: ohartarazpena.
Honen bitartez, atzerapena gogorazi die udalei eta erantzun ezak ekar ditzakeen ondorioei buruz ohartarazi die. Zigor Kodearen 502. artikuluaren arabera, kargu publiko batean aritzeko sei hilabete eta bi urte arteko zigorra ezarri daiteke kasu hauetan.
Galdakaokoaz gain, hauek dira Arartekoak zerrenda honetan aipatu dituen udal bizkaitarrak: Derio, Gorliz, Ortuella, Sopela, Sopuerta, Plentzia, Portugalete eta Santurtzi. Halaber, beste instituzio batzuei era jarri die ohartarazpena, hala nola, Ur Patzuergoari eta Eusko Jaurlaritzako bi sailei: Lan eta Enplegu saila, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio saila.
Iragarpen honen aurrean Galdakaoko Udalak esateko duena jakin gura izan du Binkek, eta erakunde galdakoztarrak «esateko duen bakarra» zera dela erantzun: «Lanean jarraituko dogu barriz ez errepikatzeko».