Adinekoei zuzendutako hiru ekintza antolatu ditu Galdakaoko Udalak apirilean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Urtean zehar adinekoei zuzendutako hainbat ekintza antolatzen ditu Galdakaoko Udalak eta apirilean hiru egingo ditu. Zehazki, ‘Liburuaren arbola’ erakusketara irteera kulturala, Sodupe ingurutik ibilbidea eta telelaguntzari buruzko hitzaldia antolatu ditu.
Martxoan Meatzaldea ezagutzeko aukera eskaini zien Galdakaoko Udalak adinekoei eta apirilean ere antolatu ditu hauei zuzendutako jarduerak. Zehazki, hiru ekintzetan izena emateko aukera izango dute adinekoek.
Apirilaren 17an telelaguntzari buruzko hitzaldia eskainiko dute adinekoen Elkarbizi zentroan apirilaren 18:00etatik aurrera.
Hilaren 19an aldiz irteera kulturala antolatu dute, Foru Liburutegian dagoen ‘Liburuaren arbola’ erakusketa ikusteko. Erakusketak liburuaren atal nagusiak erakusten ditu: letraren anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia. Halaber, liburuan parte hartzen duten eragileak aztertzen ditu: idazlea, editorea, irakurlea eta inprenta. Aldi berean, herritarrei euskal literatura eta argitaletxeen ekoizpena hurbiltzen laguntzen die.
Ekintza honetan hamaika pertsonentzako lekua izango da gehienez eta bisita bi txandetan egingo da: 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz. Dagoeneko eman daiteke izena adinekoen dinamizazio zerbitzuan eta bakoitzak bi izen eman ahal izango ditu.
Bestalde, apirilaren 27an ibilbide zirkularra egingo dute Sodupetik. Guztira 14 kilometroko ibilbidea izango da Gueñesen barrena eta gehienez 30 pertsonak eman ahal izango du izena adinekoen dinamizazio zerbitzuan hilaren 17tik aurrera; gehienez, bi izen pertsonako.
Informazio gehiago ezagutu daiteke Galdakaoko Udaleko Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan.