Alex Txikonek bere bizipenei buruzko liburua aurkeztuko du bihar Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Lide & Hory
Alex Txikonek ‘Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak’ liburua aurkeztuko du bihar Galdakaon eta bere bizipenen inguruko solasaldia eskainiko du. Saioa Torrezabal Kultur Etxean antolatuko da eta sarrera doakoa izango da.
Bere esperientzia ezagutzera emateko helburuz, ‘Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak’ liburua argitaratu zuen Alex Txikon mendigoizaleak. Honetan, Everest oxigeno barik eta negu betean igotzen saiatu zen bidaian suertatutako pentsamendu eta hausnarketak plazaratzen ditu.
Txikonen hitzetan, «mendia izan baitaiteke batera zoriontasuna eta sufrimendua, laguntasuna eta bakardadea, zirimola eta aingura, pizgarria eta motela. Dena bukatu eta hasten den lekua».
Esperientzia honen eta beste hainbat bizipenen berri izango dute bihar, apirilak 18, galdakoztarrek, izan ere, Txikonek ‘Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak’ liburua aurkeztuko du Torrezabal Kultur Etxean. Saioa 19:00etan izango da eta sarrera librea izango da, aforoa bete arte. Mendigoizaleak solasaldia eta dokumentala ere eskainiko ditu.
«Igoera horretan bere pentsamenduek erakutsiko digute mendia ez dela lehia, ez dela inorekiko erronka eta, aldiz, garrantzitsua dela zelan joaten garen, zerk bultzatzen gaituen, nola jokatzen dugun», azaldu dute Udaletik.