Galdakaoko EAJk udal-hauteskundeetarako zerrenda aurkeztuko du bihar
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EAJ-PNV
Alderdiak duela bi hilabete ezagutzera eman zuenez, Ainhoa Agirregoikoa izango da Galdakaoko EAJren alkategaia udal-hauteskundeetan. Bihar aldiz, harekin batera zerrendan aurkeztuko diren kideak aurkeztuko ditu alderdiak Iturrondo plazan. Hitzorduan Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak parte hartuko du.
Galdakaoko EAJ-PNVk duela bi hilabete iragarri zuen Ainhoa Agirregoikoa izango dela alkategaia maiatzaren 28an antolatuko diren Galdakaoko udal-hauteskundeetan. Binkek jaso zuen moduan, Agirregoikoak «hautagaitza onartu du EAJ-PNVren proiektua herritarren ekarpenekin aberasteko eta berritzeko gogoz, bere herrikideen konfiantza auzoz auzo irabaziz, zerbitzu hobeak eta bizi kalitate hobea eskaini ahal izango dituen Galdakao herria gobernatzeko ilusioarekin».
Bihar aldiz, apirilak 28, Agirregoikoarekin batera EAJ-PNVren Galdakaoko zerrenda osatuko duten kideak ezagutzera emango dituzte, Iturrondo plazan egingo duten aurkezpenean. Hitzordua 18:00etan izango da eta honetan Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak parte hartuko du.
«Zatoz Ainhoa Agirregoikoaren taldea ezagutzera, auzokide guztientzako udalerri anitza eraikitzeko», adierazi du alderdiak sare sozialetatik.