Gaur Santa Barbara futbol zelaia betetzeko deia egin dute Galdakao klubeko emakumeek
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakao Futbol Taldea
Etxean jokatuko duten azken norgehiagoka dute Galdakao Futbol Taldeko emakumeek, eta Binkek bere webgunean batutako baldintzak betez gero, gaur bertan ospatu dezake klubak lurraldeko Lehenengo Mailara igoera. Horregatik, gaur arratsaldean Santa Barbara betetzeko dei egin diete herritarrei.
Denboraldi honetan etxean jokatuko duten azken norgehiagoka dute aurretik, gaur zapatua, Galdakao Futbol Taldeko emakumeek. «Partida oso garrantzitsua eta erabakigarria» izango dela iragarri dute klubeko sareetatik, igoera fasea amaitzeko bi jardunaldi falta diren arren, gaur bertan helburua bete dezaketelako jokalari galdakoztarrek: lurraldeko Lehenengo Mailara igo daitezke.
Horretarako baldintza bi bete behar dira: gaurko lehia etxekoek irabaztea, batetik, eta behin gaurko hiru puntuak eskuratuta aurretik zein atzetik doazen taldeek egingo dutena jakin behar dute, bestetik. Horregatik gainerako taldeen emaitzak Santa Barbara futbol zelaiko tabernatik jarraituko dituzte jokalariek, baldintzak beteko balira, igoera gaur bertan ospatu ahal izateko.
Hori dela eta, «inoiz baino gehiago zuen laguntza eta indarra behar dugu denboraldiko azken momentu hauetan», adierazi dute klubetik, eta herritarrak Santa Barbara betetzera gonbidatu dituzte. Norgehiagoka Peña Athletic Santurtzi B (7. postuan) taldearen aurka jokatuko du Galdakaok, gaur 15:45ean.
Gaur gaurkoz, Galdakao Futbol Taldeko emakumeak hirugarren postuan dira 49 punturekin, baina denboraldi honetan ibilbide onena izan duen taldea izan da. Aurretik ditu Indartsu (1) eta Orduña (2).