Zazpi Trokak mendi-lasterketaren bigarren edizioa antolatu zuen Ganguren taldeak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Herriko trokak eta errekastoak ezagutaraztea helburu duen Zazpi Trokak mendi-lasterketaren bigarren edizioa antolatu zuen atzo Ganguren Mendi Talde galdakoztarrak, 102 parte-hartzailerekin. Binkeren webgunean batu ditugu irabazleak eta ibilbidearen zein parte-hartzaileen profilak.
Trail ibilbide bat eginez, Galdakaoko trokak eta errekastoen sakanak ezagutaraztea helburu duen mendi-lasterketa berria proposatu zuen iaz Ganguren Mendi Talde galdakoztarrak. Iazko arrakasta ikusita, bigarrenez antolatu da aurten, Binkek urtarrilaren 27an jakinarazi zuen bezala.
Kirolariek 22 kilometro pasatxo egin behar izan dituzte. Aurten 102 parte-hartzaile hartu ditu probak, nagusienak 71 urte zituela —Victor Luis de Pedro galdakoztarra— eta gazteenak 19 urteko zeaniztar batek. Gainera, trail modalitateko lasterketak Euskal Herritik kanpo etorritako zenbait kirolari ere hartu ditu, hala nola, Okzitaniatik, Galiziatik edota Burgostik etorritakoak.
Hauek izan ziren parte-hartzaileek zeharkatu behar zituzten troka eta errekastoak:
- Troka-Bengoetxe: Trokako erreka.
- Aranzelaiko troka:
- Andibaltz erreka.
- Zumeldui erreka.
- Pagotxueta erreka.
- Lukibaso erreka.
- Infernuko troka: Infernuko trokako erreka.
- Gurbiztroka: Urretako erreka.
- Laminako troka: Laminako errekaa, Belategi errekaa, Errekatroka.
- Basabeko troka: Basabe erreka.
- Isasitroka: Isasitroka errekea
- Ingurukoak: Altamirako troka.
Azpimarratzekoa da 102 parte-hartzailetik 9 baino ez zirela emakumezkoak izan. Euren artean txapelduna Jone Fuente galdakoztarra izan zen. Bigarren beste galdakoztar bat geratu zen: Bego Uriarte. Honek gainera, beteranoaren saria ere jaso zuen. Gizonezkoetan berriz, txapelduna Walther Becerra izan zen, Sestao klubetik etorritakoa.
Gainera, galdakoztarrentzako, Ganguren Mendi Taldeko bazkideentzako zein beteranoentzako opariak ere banatu zituzten eguerdiko ordu biak aldera zapatuan egin zen sari-banaketan, Gipuzkoa kaleko errepidean bertan jarritako helmugan.