Tamaina handiko hondakinak maizago batuko dira Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak tamaina handiko hondakinak biltzeko zerbitzua hobetuko du. Orain arte astean hiru egunetan egiten zen bilketa eta bost egunetan egingo da aste honetatik aurrera.
Kale garbiketa zerbitzuaren kontratua berritu zenean egindako hobekuntzen barruan, tamaina handiko hondakinak biltzeko zerbitzua hobetuko du Galdakaoko Udalak. Orain arte astean hiru egunetan egiten zen bilketa eta aste honetatik aurrera bost egunetan egingo da.
Aurrez telefonoz abisua emanda, 944 256 720 telefono zenbakira deituz, honako egun eta gunetan batuko dira hondakin handiak:
- Astelehenak: Beharren arabera antolatuko da
- Martitzenak: Galdakao erdigunea
- Eguaztenak: Bengoetxe, Usansolo eta Aperribai
- Eguenak: Industriaguneak
- Barikuak: Erdigunea, Bengoetxe, Usansolo eta Aperribai
Bilketa eguna abisua ematerakoan zehaztuko da eta ondoren egun horren aurreko gauean utzi beharko dira bota beharreko gauzak, kalean, gertuen dagoen edukiontziaren ondoan. Bilketak 08:00etatik 17:00etara bitartean egingo dira, astelehenetik barikura.
Udalak jakinarazi duenez, hauek dira bota daitezkeen tamaina handiko hondakinak, besteak beste: altzariak, erabilitako etxetresna elektrikoak (hozkailuak, garbigailuak, mikrouhinak, telebistak, bideoak, DVDak erreproduzitzeko ekipoak, musika ekipoak, ordenagailuak), komunak, koltxoiak, somierrak eta sofak.
Aldiz, ezin dira utzi obra hondakinak, pintura poteak, bateriak, neumatikoak eta paletak. Hondakin horiek uzteko gertuen dagoen gunea Zornotzako Garbigunea da.