«Konpromisoa batean, hipokresia bestean», Nerea Urgoiti
Lerroartean
Nerea Urgoiti Galarza
BINKE / 2023ko maiatza
Jantza in bitartean aitite ikusten neban lehenengo lerroan, poz-pozik ohorezko agurra dantzatu osteko dantzariaren berbak. Eta hori izango zen bere tokia, duda barik, lehenengo lerroa, zutik ezin bazuen ere gurpildun aulkian. Iritsi da eguna eta zenbat izar guri begira, eurek hasitako ibilbidearen fruituak loratzen hasi dira.
2023ko maiatzaren 4a, Txapelena baserria, Usansolo. Herri besarkada kolektibo bat, emozioak borborka txanpainak airea freskatu bitartean. Usansoloko udalaren kudeaketa batzordea eratu berritan trikitixa eta panderoa entzungai, besarkada eta negar malkoak ikusgai. Ekitaldia hasi orduko kalea jendez gainezka, aforoa beteta barrura sartu ezinik. Borroka luze honen ostean, herritik udalerrira urratsa emateko batzordea martxan, gure herria eraikitzen hasteko osagai guztiak lapikoan, ilusioa pil-pilean. Guk bakarrik dakigu zer dagoen atzean; zenbat urtetako ibilbidea, zenbat ordu elkarlanean, zenbat oztopo, zapalkuntza eta eskubide urraketa.
Iñigo eta Agustinen arteko besarkada titularretan, Galdakaoko alkatearen eta Usansoloko kudeaketa batzordeko lehendakariaren arteko keinu zintzoa, benetakoa. Txalotzekoa Iñigo eta bere gobernu taldearen konpromisoa, herritarron borondatearen alde egindako lana. Esan eta egin. Baina badatoz maiatzaren 28ko hauteskundeak eta kontraesana Usansoloko kaleetan barrena, EAJren karteletan «Usansolorekin konprometituta» irakurri beharra, 40 urteko ibilbide luze hau oztopoz bete ostean hori da hori atrebentzia, lotsagabekeria. Balantzaren bi aldeak orekatuta, bakoitza bere estiloan; konpromisoa batean, hipokresia bestean.