Oskar Matute eta Marije Fullaondo EH Bilduko hautagaiek hitzaldia eskainiko dute Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Binke
Ekitaldia antolatuko du EH Bilduk Galdakaon barikuan, uztailak 7. Bertan izango dira Oskar Matute eta Marije Fullaondo, uztailaren 23an antolatuko diren hauteskundeetan EH Bilduren Bizkaiko hautagaiak Espainiako Diputatuen Kongresurako.
Maiatzaren 28an antolatu ziren foru- eta udal-hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Emaitzak ezagutu eta egun batzuk beranduago Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri zuen uztailaren 23rako Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak deitzen zituela.
Alderdiak hasi dira jada hauteskunde hauek prestatzen eta EH Bilduk esaterako hainbat ekitaldi antolatu ditu azken egunetan zehar.
Bairkuan, uztailak 7, Galdakaon antolatuko du solasaldia EH Bilduk Santi Brouard enparantzan 19:00etan. Bertan Espainiako Diputatuen Kongresurako EH Bilduren Bizkaiko zerrendan lehen bi hautagaiak diren Oskar Matutek eta Marije Fullaondok parte hartuko dute.
Matutek zerrenden aurkezpenean adierazitakoaren arabera, «politika aurrerakoietan sakontzeko berme» gisa aurkeztuko da EH Bildu.