Gizon bat atxilotu dute Galdakaon, kalean adineko bat jotzea leporatuta
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: EFEren artxiboko irudiak
Atzo goizean 47 urteko gizon bat atxilotu zuten Galdakaon, ustez adineko gizon bat kalean jipoitu eta lesio larriak eragiteagatik. Segurtasun Sailak kontatu duena batu dugu ondoko albistean.
Martitzen goizean, uztailak 11, ertzainek 47 urteko gizon bat atxilotu zuten Galdakaon. Segurtasun Sailaren arabera, «kale batean gizon edadetu bati eraso egitea leporatuta». Adineko gizona ospitalera eraman behar izan zuten, «lesio larriak» eragin baitzizkion ustezko erasotzaileak, iturri berak argitu duenez.
Jazotakoaren berri izan ostean, Ertzaintzak zegokion ikerketa jarri zuen abian eta ustezko erasotzailea identifikatzea eta aurkitzea lortu zuen. Dagozkion frogaketak egin ondoren, susmagarria atxilotu egin zuten lesio larriak eragitea leporatuta.
Atxilotutakoa 47 urteko gizona da, eta Galdakaoko ertzain-etxera eraman zuten, «beharrezko izapideak egitera, agintari judizialaren eskuetan jarri aurretik», zehaztu dute Segurtasun Sailetik.