Auzoetara eta Arratiara itzultzeko gaueko autobusak izango dira jaietan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Mario Guti
Santakurtzetan «etxera segurtasunez bueltatzeko» helburuarekin, Galdakaoko auzoetara, Usansolora eta Arratiara autobus zerbitzua eskainiko da gauetan. Albiste honetan batu ditugu ordutegiak eta geltokiak.
Barikutik, irailak 8, aurrera helduko dira Santakurtzak Galdakaora eta aurten ere ekintza anitz eskainiko dituzte Galdakaoko Udalak, Jai Batzordeak eta herriko eragileek, adin eta zaletasun guztiei zuzenduak.
Ekintza hauetako asko asteburuetan izango dira eta batzuk gauez direnez, autobus zerbitzua eskainiko du aurten ere Galdakaoko Udalak auzoetara itzultzeko.
Zerbitzua 01:00 eta 07:00 bitartean eskainiko da orduro eta hainbat geltoki izango ditu: Juan Bautista Uriarte kalea 30, Urreta, Bengoetxe, Olabarrieta, Aperribai, Arkotxa, Zuatzu eta Usansolo.
Udalak jakinarazi duenez, ibilbidean zehar eskatzen den lekuetan geldituko da, «baldin eta gidariak egokitzat jotzen badu».
Bestalde, irailaren 9 eta 16an Galdakaotik Arratiara autobus zerbitzua eskainiko da 02:30 eta 05:00 bitartean Plazakoetxetik.
Udalak gogorarazi du ere egunean zehar Galdabusa dagoela martxan. Binkek jaso zuen moduan, bi linea daude eta maiztasuna 40 minuturokoa da. Ordutegi guztiak Udalaren webgunean ezagutu daitezke.