Iskander Sagarminaga, Kirol Merezimenduaren Domina Alacanten
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Iskander Sagarminaga
Iskander Sagarminaga igerilari galdakoztarrak Kirol Merezimenduaren Domina jaso du Calpen, Alacanten. Urriaren 9an eman zioten, Calpen egindako ekitaldian, itsas-zeharkaldi luzeetan egindako lorpenengatik. Sagarminagarekin hitz egin du BINKEk esperientziaren inguruan.
Urriaren 9an Valentziako sorreraren urteurrena ospatzen da eta urtero herri bakoitzak merezimenduaren dominak banatzen ditu. Aurten galdakoztar bat izan da protagonista Calpen, Alacanten: Iskander Sagarminaga.
Igerilariak Kirol Merezimenduaren Domina jaso zuen Calpen bertan egindako ekitaldian. Hitzorduan instituzioetako ordezkariak batu ziren, eta kolorea eta jai giroa izan ziren nagusi.
Sagarminagak itsas-zeharkaldi luzeetan egindako lorpenengatik jaso zuen domina. Besteak beste, pasa den domekan Ibizan izen zen nazioarteko 10 kilometroko txapelketan eta 3. postua lortu zuen.
«Ohore bat izan da. Calpeko herriak euskal herritar bateri holako merezimendu bat ematea ohore handia da», azaldu du galdakoztarrak, urteetan egindako esfortzuaren emaitza dela adieraziz: «oraindik asimilatu ez ditudan erronkak egin ditut azkenaldian eta sari hau jasotzea benetan berezia izan da. Honekin konturatu naz zer egin dudan».