Euskararen aldeko argazki masiboa egingo dute gaur Usansolon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Oiartso Los Arcos / Argazki Press
Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa deitu du Bilbon biharko, ‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat’ lelopean. Honekin bat egiteko argazki masiboa egingo dute gaur Usansolon, Unkina plazan.
Duela hilabete batzuk Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko udal legeak udalei euskara hutsean jardutea, izan ere, uste du «era bidegabean» urratzen duela horrek «oreka linguistikoa».
Honen kontra agertu ziren euskal instituzio eta eragile asko eta Bilbon batu ziren uztailean eta berriz batuko dira bihar, Euskalgintzaren Kontseiluak ‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat’ lelopean deitutako manifestazioan.
Honekin bat egiteko argazki masiboa egin zuten Galdakaon pasa den astean, BINKEk jaso zuen moduan. Agerraldian parte hartu zuten dozenaka lagunek «larrialdiaren aurrean euskararekin bat, euskaraz bat» egitera deitu zuten eta berdina egingo dute gaur Usansolon.
Gaur 20:00etan Unkina plazan argazki masiboa egitera deitu dute, «euskarak jasaten ari den oldarraldia salatzeko eta Bilboko manifestazioarekin bat egiteko».