Janire Egaña, Itziar Ituñorekin batera ‘Bidaia-Die Reise’ proiektuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Hika Teatroa
Azaroaren 4an estreinatu zen Euskal Herria eta Alemaniaren arteko bidaia eszenikoa irudikatzen duen ‘Bidaia-Die Reise’ proiektua. Lanak diziplina anitzeko 12 artista batu ditu oholtza gainean, haien artean, Janire Egaña aperribaitarra eta bere lagun Itziar Ituño basauriarra.
Marcus Englert musikari eta konpositore alemaniarrak Itziar Ituño euskal aktorea gonbidatu zuen ‘El Viaje-De Reise’ kantua abestera 2021eko urtarrilean. Ondoren, alemaniarrak «abentura handiago batean murgiltzeko bulkada» sentitu zuen eta Euskal Herria eta Alemaniaren arteko bidaia eszenikoa irudikatu zuen.
Alemaniako musikariekin batera Ituño bera gonbidatu zuen proiektuan parte hartzera eta baita Xabier Zeberio biolin jotzailea eta haren taldea Allos Quartet, eta Amaia Elizaran, Eneko Gil/Gorka Durán dantza interpreteak. Janire Egaña aperribaitarra ere proiektuaren parte da eta baita Itziar Ituño basauriarra. Lagunak eta Dangiliske taldeko kideak dira bi emakumeak.
Hika Teatroak hartu du bere gain obraren ekoizpena eta uztailaren 21ean estreinatu zen Alemanian. Euskal Herrian ordea azaroaren 4an egin zuten estreinaldia, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian.
Sortzaileen esanetan, «oratoria garaikidea, bizitzarekiko jakinmin eutsiezinak eragindako barne bizi bidaia» irudikatzen du Alemania eta Euskal Herria batzen dituen obrak.