Antzezlan bi eta kontzertu bat hartuko ditu Torrezabalek asteburuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Asteburuan hiru emanaldi ikusteko aukera izango da Torrezabal Kultur Etxean. Barikuan ‘desITSATSI’ kontzertua eta ‘Familia sarekada’ antzezlanak hartuko ditu aretoak. Zapatuan aldiz, Lamov konpainiak ‘El Lago’ obra eskainiko du Galdakaon.
Hainbat ekintza antolatuko dira asteburuan Galdakaon eta Torrezabal Kultur Etxean kultura emanaldiak ikusteko aukera izango da. Zehazki, antzezlan bi eta kontzertu bat hartuko ditu Galdakaoko aretoak.
Barikuan, abenduak 1, ‘desITSATSI’ proiektuari itxiera emateko, artea, musika eta zentzumenak batzen dituen zuzeneko emanaldia eskainiko dute 18:00etan Desegin ilustratzaileak, Eñaut Zubizarretak eta Jon Garcíak.
Egun berean, kasu honetan 20:00etan, Vaivén Teatro konpainiak ‘Familia sarekada’ antzezlana aurkeztuko du Torrezabalen. Ainhoa Aierbe, Mikel Laskurain, Nerea Gorriti eta Xanti Korkostegi igoko dira Olga Margalloren zuzendaritzapean familia erdigunean duen komedia hau interpretatzeko.
Zapatuan aldiz, Lamov taldea helduko da Galdakaora ‘El Lago’ eskaintzeko. Victor Jimenez zuzendariak balet errusiarraren paradigma hau berrikusiko du erritmoen, mugimenduen eta argi-arkitekturen etengabeko ikerketaren eta esperimentazioaren irakaspenarekin.