Euskal dantzen eta erromerietako doinuen erritmoan mugitzeko aukera izango dute beste urte batez galdakoztarrek Lumak Dantzan ekimenaren baitan. Saioetan izena emateko epea zabalik dago, eta irailaren 30era arte egin ahal izango da.
Galdakaoko Udalak, Andra Mari Dantza Taldeak eta Aiko taldeak Lumak dantzan egitasmoa jarri zuten martxan duela bi urte, galdakoztarren artean dantza sustatzeko helburuz.
Aurten ere ekimenaz gozatu ahal izango dute galdakoztarrek, eta ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago, irailaren 30era bitarte. Udalaren webgunearen bidez edo aurrez aurre Torrezabal Kultur Etxeko bigarren solairuan.
Ikastaro bakoitzak 35 plaza izango ditu eta prezioa 80 eurokoa izango da, baina baldintzak betetzen dituzten pertsonek 56 euroko matrikula murriztua ordaindu ahal izango dute.
Saioak urriaren 14an hasiko dira, eta eguaztenetan egingo dira Urretako Kiroldegian. Bi maila eskainiko dira: hasiera mailakoa 18:00etan eta hobekuntza mailakoa 19:30ean.
Ikastaroak euskaraz izango dira eta, horien bidez, parte hartzaileek plazetan eta erromerietan ohikoak diren dantzak ikasteko eta praktikatzeko aukera izango dute, giro atseginean.
Gainera, dantzaz ikasteaz gain, euskal kulturaren ondarearekin harremanetan jartzeko eta elkarrekin gozatzeko espazioa ere eskainiko du egitasmoak.




