«Ausardia kulturarentzat», Dani Lara
Iritzia
Dani Lara Fernández
BINKE / 2021eko otsaila
Ausardia kulturarentzat
Hemen nire kontuei bueltaka… Bokazioa txarto aukeratu izana da, agian, nire arazoa? Agian ez nuen nahikorik pentsatu mundu honetan «sartu» aurretik? Erantzunak ez dirudi erraza.
Kultura bera, eta honen bideragarritasuna, une horretan agintean dauden politikariek kultura bera ulertzen dutenaren araberakoa denean, sektore honetan lan egiten dugunok babesgabe gaude.
Nahiz eta askotan ekonomikoki errentagarria ez izan edo barne-produktu gordinaren gorakada handirik ez ekarri, politikariak ez badu ulertzen kulturak gizarteari aberastasuna ekartzen dionik, jai daukagu.
Aurretik datorkigun hondamendia ez da oraindik kalkulagarria. Kultura kontsumitzen genuenok etxean geratu gara. Eta etxean geratu gara, kultur gabezia hori lau multinazionalen mesederako baino ez diren eduki errepikatuak kontsumitzen. Edukiok kultur programazioaren eskasia ordezten dutela dirudi, baina irudipen hutsa da.
Zurian igaroko den urtea izango da 2021a guretzat, kulturaren aurrekontuak bideratzen dituztenek sentsibilitate eta ausardiarik erakusten ez badute behintzat.