«Maiatzeko ekaitzak», Manu Etxebarria
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2024ko maiatza
Garia ereiten zan garaian, behin maiatzeraz gero, galsoroak galburututa egozan eta garia ondo heltzea zan beharrezkoa ogia jateko. Horretarako eguraldi onak eta eguzkitsuak behar ziran, baina naturaren fenomeno atmosferikoak ez dira beti onak eta batzuk kontrolatu ezinak. Hor daukaguz, esaterako, maiatzeko ekaitzak. Zer egin ezintasunaren aurrean? Historikoki, antxinatetik ezagutu dogu konjuruak egiteko ohitura naturaren indar kontrolaezinak kalterik ez egiteko. Konjuru tokiak lur goietan kokatzen ziran, ‘eskonjuradero’ txikiak eraikiz, esaterako Huescako Pirinioetan. Gero, Eleiza Katolikoa, ekaitzak desegiteko bedeinkazinoak eta errogatibak egitera etorri zan eleiza ingurutik. Adinekoon gogaldian, uztak bedeinkatzeko ohitura be ezagutu dogu. Maiatz inguruan, abadeak isopuaz bedeinkatzen ebazan galsoroak ekaitzetik libratzeko eta horren ordez baserritarrek oilanda pare bat edo beste zeozer oparitzen eutsoen. Konjuru edo bedeinkazio ohitura hau zertarako? Ba, besterik ezean sinismeneko esperantzagaz kontsolatu eta uzta onari itxaroteko, kasu honetan gari ondo helduari. Beraz, zelan ez euki bildurra, besteak beste, maiatzeko ekaitz hondatzaileei. Binke!