Victor Luis de Pedrok TransGranCanaria proba egin du, 68 urterekin
Mendi-lasterketa
BINKE / 2021eko martxoa
Victor Luis de Pedro galdakoztarrak TransGranCanaria proba egin du, 68 urterekin
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Victor Luis de Pedroren Facebook kontutik
Victor Luis de Pedro galdakoztarrak laugarrenez egin du otsailean 244 kilometroko TransGranCanaria 360º mendi-lasterketa, 68 urterekin. Mundu mailako trail lasterketa gogorrenetarikoa da, egunak lasterketan egin behar dituzunak, oinez ere lo eginda.
Bere laugarren TransGranCanaria 360º goi-mailako trail lasterketa izan da Victor Luis de Pedro Goirik (Arkotxa, 1952) aurten egin duena: 244 kilometro oinez eta korrika. Aurtengoa 69 urte betetzeko bidean burutu zuen otsailaren amaieran.
Horretarako, 2020ko Gabonetan erkidegoen arteko konfinamendu neurriak arindu zirela baliatuz, Kanaria Handira bidaiatu zuen de Pedrok bakarrik, familia Galdakaon utzita. Modu honetan, otsailaren 24tik 28ra bitarte antolatuta zegoen TransGranCanaria 360º mendi-lasterketan parte hartzeko aukera izango zuen.
Proba hau balizatu gabe dago —lasterketan nondik joan markatu gabe—, eta horretarako antolakuntzak astebete lehenago ematen dituen track batzuk jarraituz egin behar da bidea, bakarrik eta norberak kudeatuta atseden eta lo tarteak. Bide luzea da egin beharrekoa gainera, aurreko edizioetan 260 kilometroetakoa izan delako eta aurtengoa 244koa. Zailtasun handiko probatzat hartzen da kanariar uharteetako hau, aurten gainera Tenerifen ere 30 kilometro egin dituena.
Proba hau fisikoki eta burutik ondo entrenatuta dagoen edonorentzako da erronka izugarria, baina are izugarriagoa 68 urterekin egin ahal izatea. Bakarrenetarikoa da Victor Luis de Pedro galdakoztarra.
Kirolariak berak kanariar uharteetako irrati-elkarrizketa batean pasarte hau kontatu zuen martxoaren hasieran: «Daukadan adinarekin ezin naiteke proban zehar lo egiten geratu, atzetik lasterketa ixtera datozenek ni aurreratu eta kanporatzeko beldurra izaten dudalako; horregatik lasterketako gauetan oinez jarraitzen dut lo egin gabe, nahiz eta batzutan oinez noala ere lo geratu izan naizen».