Eman zure atxikimendua hemen euskararen aurkako erasoak salatzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Elkarretaratzea deitu dute eguenerako Ardantza parkean, Bilboko Administrazioarekiko Auzien laugarren epaitegiak Galdakaoko Udalaren kontrako sententzia argitaratu duelako euskara mailaren eskakizun batean. «Euskararen kontrako erasoa» salatzeko agerraldia 19:30ean izango da eta hemen eman daiteke modu ofizialean atxikimendua.
Galdakaoko Udalaren euskara eskakizunaren aurka jarritako sententzia salatzeko atxikimendu kanpaina jarri dute martxan Bagabiz Euskara Elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak BINKEren bitartez, azpiko formulario beteta.
Kanpaina honen baitan, «euskararen aurkako erasoa» salatzeko helburuz, Bagabizek eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea deitu dute datorren eguenerako, hilak 20, 19:30ean Ardantza parkean.
Euskalgintzaren Kontseiluak «euskararen aurkako eraso berri bat» salatu zuen atzo, ekainak 14, epaitegien aldetik. Kasu honetan, Galdakaoko Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogababetu du Bilboko Administrazioarekiko Auzien laugarren epaitegiak.
Euskalgintzaren Kontseiluak epaitegi honen sententzia salatu du: «Berriz ere, udalek langile publikoei euskararen ezagutza eskatzeko duten eskumena izan dute auzitegiek jo puntuan».