Uda-testa jarriko du martxan BINKEk domekero, Galdakaoko Udaleko politikariekin
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Uztailaren 28tik aurrera, domeka iluntze guztietan, Galdakaoko alkateak eta Galdakaoko Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztien bozeramaileek BINKEren galdetegi arina erantzun beharko dute.
Eguraldiak egun askotan kontrakoa esan duen arren, duela hilabete inguru hasi zen uda eta honekin batera atal berri bat jarri nahi izan du martxan BINKEk.
Aurreko hilabeteetan ‘txalenge’ izenez ezaguna diren erronken aurrean jarri ditugu galdakoztarrak eta usansolotarrak, BinkeTx izeneko ekimenenean.
Halaber, tarteka, gure herrietako auzokideei ere aktualitateko gaien inguruan galdetzen diegu, Binkestetan. Besteak beste, oporretan joateko asmorik duten, mugikorrak ikastetxeetan baimenduta egon beharko liratekeen eta tabakoa saltzea debekatuta egon beharko litzakeen galdetu diegu Usansoloko eta Galdakaoko herritarrei.
Oraingoan ordea, Galdakaoko Udaleko politikariak jarriko ditu BINKEk kameraren aurrean
uda-testari erantzuteko.
Horrela, uztailaren 28tik aurrera, domeka iluntze guztietan, Galdakaoko alkateak eta Galdakaoko Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztien bozeramaileek BINKEren galdetegi arina erantzun beharko dute, bideoen edizio zirikatzaile batekin sufrituta.
Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Monika Bailon Auzoak plataformako kideak, Iñaki Urgoiti Usansolo Herria plataformako, Victor Trimiño PSE-EEko, Ainhoa Agirregoikoa EAJ-PNVko eta Edurne Espilla EH Bilduko bozeramaileek parte hartuko dute BINKEren uda-testan.
Azken udal-hauteskundeen boto kopuruaren arabera argitaratuko ditugu bideoak, alkatearekin hasi eta alderdiak txikitik handira ordenatuta: Auzoak, UH, PSE-EE, EAJ eta EH Bildu.
Helburua politikariak gehiago ezagutzea da eta horretarako hainbat galdera erantzungo dituzte, hala nola, oporretan joateko asmorik duten, zein duten abestirik gogokoena eta zein politikari aukeratuko
luketen parrandarako.