Gorosibaiko pasabidean igogailu bat jartzea eskatu du Usansoloko EAJk
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Usansoloko EAJ-PNV
Mugikortasuna hobetzeko helburuz, Gorosibaiko sarbidean hobekuntzak egitea eskatu du Usansoloko EAJ-PNVk. Zehazki, pasabidean igogailu bat jartzea «bertako biztanleen bizitza hobetuko lukeela» nabarmendu dute jeltzaleek.
Usansoloko EAJ-PNVk herriko mugikortasuna hobetzeko beharra adierazi du, «usansolotarren bizi kalitatea hobetzeko helburua». «Argi dugu egungo sarbideak hobetzea, batez ere batez besteko adina gero eta handiagoa den gizarte honetan, udal politikan ezarri beharreko helburuetako bat izan behar dela», adierazi dute jeltzaleek.
Ildo honetan, Gorosibaiko pasagunean igogailu batek «bertako biztanleen bizitza hobetuko lukeela eta mugikortasun murriztua duten pertsona askori askatasun handiagoa emango liekeela» nabarmendu dute.
Horregatik, ekintza hauek proposatu ditu Usansoloko EAJ-PNVk:
- Proiektuaren kontratazioa 2025eko lehen sei hilabeteetan egitea, enpresa arduradunari hiru aukera bideragarri eskatuz
- Auzotarrekin partaidetza-prozesu bat abian jartzea, 2026ko lehen hiru hilabeteetan aukerarik onena aukeratzeko
- Behin betiko proiektu bat egitea, herritarrek 2026. urtean hautatutako aukeran oinarrituta
- 2027rako programatutako obrak gauzatzea